40.000 ale inguru zenbatu dira agorrilaren lehen hamabortzaldian Lindus 2 Europako proiektuaren bitartez
Zenbaketa lana Lindus eta Organbidexkako lepoetan nahiz Somport eta Portalet mendateetan egiten dute, eta abuztuaren 1etik 15era, guztira 72.373 hegazti ikusi zituzten. Espezierik ikusiena miru beltza (Milvus migrans) izan zen, 37.159 alerekin; gero, sorbeltz arrunta (Apus apus), 28.309 alerekin, eta enara azpizuria (Delichon urbicum), 5.500 bat alerekin.
Organbidexkan (Akitania Berria), 30.601 hegazti zenbatu ziren hilaren lehen 15 egunetan. Abuztuaren 2an miru beltz aunitz igaro ziren (6.600), baina hilaren 7ko zeru sabaia ikusgarria izan zen zinez, 14.000 miru inguruk zeharkatu baitzuten lepoa. Organbidexkako ornitologoek eta boluntarioak, halaber, bertze espezie interesgarri batzuk ikusi zituzten hamabortzaldi horretan, hala nola Eleonor belatza (Falco eleonorae) eta karraka (Coracias garrulus); hau da, Organbidexkan 39 behaketa urteetan ikusitako hirugarrena.
Aragoiko Portalet eta Somport lepoetan 26 espezieko 31.311 hegazti migratzaile zenbatu ziren. Ugarienak sorbeltz arrunta (18.500 ale), enara azpizuria (6.700) eta miru beltza (6.000) izan ziren. Lehen astean bertze espezie batzuetako lehen aleak ikusi zituzten: arrano txikia (Aquila pennata), zapelatz arrunta (Buteo buteo) aztorea (Accipiter gentilis), belatz handia (Falco peregrinus), mirotz urdina (Circus pygargus) eta uhalde-enara (Riparia riparia). Gainera, sai beltza (Aegypius monachus) hiru aldiz ikusi zen; ale berbera, ziurrenera. Espezie hori Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan dago sartuta.
Lindusko lepoan (Nafarroa-Akitania Berria) 43 espezieko 10.461 ale zenbatu ziren abuztuaren 1etik 15era, baina 10 egunez sailik egon zen zerua argi. Espezie ugariena sorbeltz arrunta (7.202) izan zen; gero miru beltza (2.192), uhalde-enara (250) eta enara azpizuria (231). Gainera, kopuru txikiagoan, interes handiko espezieak ikusi ziren, hala nola zikoina zuria (Ciconia ciconia) eta zikoina beltza (Ciconia nigra), 183 eta 29 alerekin hurrenez hurren, sai beltza eta elano urdina (Elanus caeruleus). Halaber, hemen bizi diren espezie bereziak, hala nola ugatza (Gypaetus barbatus) edo okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos). Hegazti gehien abuztuaren 2an, 3an eta 15ean igaro ziren.
Lindus 2ko bigaren behaketa denboraldia
Mugaz bi aldeko behatzaileak uztailaren 15ean hasi ziren hegazti migratzaileak zenbatzen, eta azaroaren 14ra arte arituko dira. Bigarren kanpaina da hegaztien eztei ondoko migrazioa mendebaldeko bidean aztertzeko, Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetzarako proiektuaren barnean, Aurizko Udalak gidaturik. Honatx bazkideak: Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) eta Nafarroako Gobernua GAN-NIK enpresa publikoaren bidez.
Hegazti migratzaileak aztertzeaz landara, Lindus 2k bertzelako helburuak ere baditu, hala nola kiropteroak (saguzarrak) zenbatzea, ingurumen hezkuntza zabaltzea eta ekoturismoa bultzatzea. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) proiektuaren aurrekontuaren % 65 ordaindu du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).