AURKEZPENA
Mendebaldeko Pirinioak leku bikaina dira hegaztien pasaera ikusteko, urtero milaka eta milaka hegaztik Europa mendebaldeko migrazio-bide hori erabiltzen baitute. Lindus-2 mugaz gaindiko lankidetza-proiektu bat da eta jarraipena eman dio Lindus proiektuak 2010etik 2014ra inguru horretan egindako lanari, hegaztien migrazioa aztertze aldera. Baina, horrez gain, programa zientifikoa zabaldu da eta saguzarrak ere aztertuko dira, askok migrazio-bide horixe bera erabiltzen baitute, eta are gehiago, Nafarroan ere ematen dute negua.
Hegaztiak lau toki estrategikotan identifikatu eta zenbatzen dira (Lindus, Organbidexka, Portalet eta Somport), baina hortaz landara, Lindus-2k gizartea sentsibilizatu nahi du ekoboluntarioen bidez eta askoz ere ekimen gehiagoren bitartez. Proiektuak, halaber, hegaztiak ikusteari loturiko ekoturismoa sustatu nahi du Lindus lurraldean, eta agerian jarri, inguruak naturan eta kulturan duen ondarea.
Lindus-2 egitasmoa 2016an abiatu eta 2018ra arte garatuko da. Beraz, hiru migrazio-denboralditan eginen da hegaztien jarraipena. Programa sartua dago Espainia, Frantzia eta Andorra arteko Lurralde Lankidetzarako Programa Eragilean (POCTEFA 2014-2020), eta Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (FEDER) diruaren % 65 jarri du. Mugaz gaindiko lankidetza-lan bat da. Hona hemen partaideak: Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoa (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa, S.A.), Aurizko Udala, SEO-Aragón (Espainiako Ornitologia Elkartea) eta Akitaniako Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Aquitania). Beraz, lurralde zabalean hedatua da, hots, Nafarroan, Aragoin eta Akitanian.