2018/12/10 | BERRIAK
2.000.000 hegazti migratzaile inguru zenbatu dira Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren bidez
Lidus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren bukaerako jardunaldia Aurizko Kultur Etxean egin da azaroaren 27an. Zer lan egin diren eta gauzak nola joan diren azaltzeaz gain, klima-aldaketak hegazti migratzaileen portaeran eragindako aldaketa izan zuten solasgai. Ekimenak, zehazki, hegaztiek mendebaldeko Pirinioetan egiten duten eztei ondoko migrazioa aztertu du, Aurizko Udala izan da gidaria, eta hiru bazkide izan dira: Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) eta Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez.
2016, 17 eta 18an, 2 milioi hegazti migratzaile inguru zenbatu dira proiektuaren bidez hainbat mendi-lepotan: Organbidexkan (Akitania Berria), Lindus eta Trona mendietan (Nafarroa Garaia-Nafarroa Beherea), eta Somport eta Portalet mendateetan (Huesca). Azterlan honek eta bertze batzuek erakutsi dutenez, hegaztien portaera aldatzen ari da, dela kliman gertatzen ari diren aldaketei erantzuteko, dela hegaztiak ugaltzen diren habitatetako eta negu lekuetako aldaketetara moldatzeko. Izan ere, zingira-mirotzak (Circus aeruginosus), adibidez, bana bertze, 10 egun lehenago egiten du orain migrazio-pasa. Zikoinak eta Saharaz hegoalderaino joan ohi diren bertze espezie batzuk Iberiar penintsulan hasi dira negua ematen, Afrikaraino hegan egin ordez. Bertze batzuek, berriz, ez dituzte urtero Pirinioak gurutzatzen eta neguak iparralderago pasatzen dituzte; hala nola murgilari arruntak (Aythya ferina) eta ahate txistulariak (Anas penelope). Pirinio atlantikoetan, egiaztatu da hego-haizeak gehiagotan jotzearen ondorioz, usoen migrazio-korridoreak mendebalderantz joan direla; orain, uso gutxiago dabil Organbidexkan, eta gehiago, berriz, Lindusen eta mendebalderago dauden bertze lepo batzuetan.
Sentsibilizazioa, ingurumen heziketa eta ekoturismoa
Hegazti behaketaz gain, Lindus 2k bertzelako lanak egin ditu 2016tik 2018ra, hala nola kiropteroen –saguzarren– zenbaketa eta azterketa, ingurumen sentsibilizazioa eta heziketa, boluntariotza, eta ekoturismoa bultzatzea. Horrela, sentsibilizazio eta prestakuntzaren arloan, eskola tailerrak egin dira eta behaketa zertan datzan azaldu da lepoetan bertan; halaber, zabalkundeko materialak argitaratu eta udako unibertsitate-ikastaroak nahiz erakusketa bat egin dira Auritzen, bai eta bertze gauza aunitz ere. Boluntariotzari dagokionez, 400etik gora lagun aritu dira elkarlanean hegaztiak zenbatzeko eta han bertan jendea sentsibilizatzeko. Kiropteroen gaineko azterketak, bestalde, datu jakingarriak eman ditu espezie ugarienez, haien pasabideez, eta ale gehien dauden lekuez, Nafarroan, betiere. Bestalde, ekoturismoa Auritz aldean bultzatzeko estrategia bat taxutu da, Pirinioetako ingurumen baliabideak toki garapenerako baliatzeko. Beraz, Lindus 2, hitz batez, POCTEFA praktika onaren adibide ederra izan da, Cristina Igoak jardunaldian bertan erran zuenez, hau da, Europako programa honetako komunikazio arduradunak.
2018ko behaketaldia
Lindus 2ko hirugarren eta azken behaketaldia azaro erdialdean bukatu da, eta guztira, 482.065 hegazti zenbatu dira; iaz baino gutxiago, 659.113 hegazti ikusi baitziren. Behaketa lanak uztailaren 13an hasi ziren Somport eta Portalet mendateetan; eta uztailaren 15ean, Lindus mendian (Nafarroa Garaia-Nafarroa Beherea) eta Organbidexkako lepoan: bukatu, berriz, urriaren 31n bukatu ziren Aragoiko bi behaketa tokietan, eta azaroaren 15ean, Lindusen eta Organbidexkan.
Eguraldiak guztiz lagundu ez bazion ere, uztaileko migrazioaren espezie ugariena miru beltza (Milvus migrans) izan zen. Hilabete horretan, interes handiko espezieak ikusi ziren, baina kopuru txikiagoan, hala nola zikoina zuria (Ciconia ciconia) eta beltza (Ciconia nigra) -azken hamarkada hauetan kopuruak gora egin du-, ubarroi handia (Phalacrocorax carbo), arrano arrantzalea (Pandion haliaetus) eta arrano sugezalea (Circaetus gallicus).
Abuztuan, miru beltza, zikoina zuria eta beltza, bai eta zapelatz liztorjale (Pernis apivorus) eta sorbeltz arrunt (Apus apus) aunitz ere. Era berean, bertzelakoak ikusi ziren, hala nola arrano sugezaleak (Circaetus gallicus), zapeltz arruntak (Buteo buteo), arrano arrantzaleak (Pandion haiaetus), eta ale batzuk bai Eleonor belatzetan (Falco Eleonorae) bai gabiraietan (Accipiter nisus), bertze espezie aunitzen artean.
Irailean, migrazio-pasa bereziki handia eta askotarikoa izan da, eta bi espezie nabarmendu dira bertzeen gainetik: arrano sugezalea eta enara (Hirundo rustica). Bertzelako espezieak ere aunitz ikusi ziren, hala nola miru gorriak (Milvus milvus), zikoinak, ubarroi handiak, zingira-mirotzak (Circus aeruginosus) eta enara azpizuriak (Delichon urbicum); azken espezie horren populazioa beheiti doa Europa osoan.
Denboraldiaren azken txanpan, ederra izan da urriko zeruetako ikuskizuna, 200.000 uso inguru pasatu baitira (Columba palumbus, Columba oenas eta Columba sp.), Lindus, Trona eta Organbidexka artean, bai eta kurrilo edo lertsun (Grus grus) saldo handiak ere; kurriloetan, zehazki, 74.798 ale ikusi dira bost behaketa tokien artean, denboraldi honetan.
POCTEFA proiektua
Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.
2018/11/26 | BERRIAK
Mugaz gaindiko proiektua bukatzeko ekitaldia Aurizko Kultur Etxean eginen da azaroaren 27an, eta hainbat adituk txostenak emanen dituzte hegazti migratzaileen portaeraz eta klima-aldaketak Pirinioetan duen eraginaz.
Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuak aztergai darabil hegazti migratzaileek zer-nolako migrazioa egiten duten mendebaldeko Pirinioetan, eta bukaerako jardunaldia eginen du azaroaren 27an, asteartearekin, Aurizko Kultur Etxean. Proiektuko bazkideen ordezkariaz gain, ekitaldian huraxe finantzatu duten erakundeen ordezkariak ere izanen dira, bai eta Garraldako Bigarren Hezkuntzako ikasleak ere.
Proiektuko bazkideek zehatz-mehatz azalduko dute zer ekintza egin dituzten proiektuaren barnean migrazioa aztertzeko, bai eta ingurumen-heziketan, boluntariotzan, prestakuntzan, komunikazioan eta ekoturismoan ere. Hegaztietan aditua den Ana Bermejo biologoak Migrazioa eta klima-aldaketa gaiari helduko dio; eta Idoia Arauzo eta Juan Terrádez –Klima-aldaketaren Pirinioetako Behatokiko (OPCC) koordinatzailea eta ikertzailea- Klima-aldaketak Pirinioetan duen eraginaz mintzatuko dira.
Bertaratzen direnek, egunean zehar, “Euskal Mendia, zeru-lurren artean” erakusketa ikusiko dute. Migrazioari, hegazti migratzaileei eta Pirinioetako migrazioaren azterketari buruzko erakusketa da.
Lindus 2: mugaz gaindiko lankidetza proiektua
Aurizko Udalak gidatzen du Poctefa Lindus 2 mugaz gaindiko proiektua, eta ekimenak hainbat bazkide ditu, hala nola SEO/BirdLife, Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Aquitaine) eta Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez, eta Cederna Garalur erakunde elkartua da. Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2k kiropteroen (saguzarrak) azterketan ere badihardu, eta boluntariotza nahiz ingurumen-hezikleta bultzatu, eta ekoturismoa sustatu ditu 2016, 17 eta 18an.
Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.
Jardunaldiaren egitaraua
CLAUSURA LINDUS eus
2018/10/05 | BERRIAK
Asteburuan ekitaldi aunitz antolatuko dira Lindus mendian, Organbidexkako lepoan, Irunberriko Arroilan, eta Portalet nahiz Somport mendateetan.
Urriaren 6an eta 7an, hegaztiekin loturiko ekitaldiak eginen dira Mendebaleko Pirinioetan, guztiak ere Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren baitan antolatuak, Hegaztien Nazioarteko Egunaren nahiz Migrazioaren Europako Jardunaldien karira.
Espainiako Ornitologia Elkarteak (SEO/Birdlife), zehazki, hegaztiak behatzeko ekitaldiak eskainiko ditu, adituek gidatuta, urriaren 7an, igandearekin, Portalet eta Somport mendateetan (Huesca), hau da, Lindus 2 proiektuaren barnean Aragoin hegaztiak zenbatzen diren mendi-lepoetan.
Bertzalde, Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) Hegaztiak Babesteko erakunde bat da, Akitaniakoa, eta hilaren 6an nahiz 7an, ornitologiari buruzko informazioa ematen duen Iratiko Ornitho Txaleta zabalduko du goizez. Handik, bisitariek hurbil dagoen Organbidexkako lepora joateko aukera izanen dute, hegan ari diren hegaztiak adituek lagundurik ikusteko. Era berean, erakunde bereko bertze ornitologo batek bisitariak hartuko ditu Lindusen, mendiak toki hartatik gurutzatzen dituzten hegaztiak ikusteko. Lepo hori Auritz ondoan dago eta Donibane Garazitik 30 kilometrora.
Halaber, Irunberriko Arroilen Interpretazio Zentroan bi ekitaldi eskainiko dira Lindus 2 proiektuaren baitan. Horrela, urriaren 6an, larunbata, hegazti migratzaileei buruzko ginkana bat eginen da, 10:00etatik 12:45era, eta biharamunean, berriz, hegaztiei lotutako eskulan tailerra, Zentroan berean, 11:00etatik aitzina.
Hegaztien Nazioarteko Eguna Birdlife International erakundeak bultzatua da, herritarren artean hegaztiak ezagutzera emateko. Europan, Migrazioari buruzko Jardunaldiak ere eginen dira (EuroBirdwatch). Aurtengoa, zehazki, jardunaldien 25. aldia izanen da.
50.000tik gora hegazti migratzaile zenbatu dira irailean, eta lehen kurriloak pasatu dira
Irailean, 52.807 hegazti migratzaile zenbatu dira mendebaldeko Pirinioetan, Interreg POCTEFA Lindus 2 izeneko mugaz gaindiko lankidetza ekimenaren bitartez. Programa, zehazki, Pirinioetako lau mendate/lepotan egiten ari da, Nafarroan, Akitania Berrian eta Huescan, hain zuzen. Irailean, era askotako espezieak igaro dira; haien artean nabarmentzekoa da zenbat zapelatz liztorjale (Pernis apivorus) pasatu diren; tamaina erdiko harraparia da eta intsektuak jaten ditu. Halaber, enaren (Hirundo rustica) kopurua da azpimarratzekoa.
Organbidexkako lepo gainean, 40 espezietako 14.637 hegazti ikusi dira. Hainbat egunez lainoa nagusi izan ondoren, irailaren 8a egun ona izan zen zinez. Izan ere, bertzeak bertze, 2.000 zapelatz liztorjale baino gehiago ikusi baitziren, bai eta ugatz (Gypaetus barbatus) bat ere, zeruan luzaroan hegan. Hilaren 16an eta 17an, ubarroi handi (Phalacrocorax) eta zikoina beltz aunitz (Ciconia nigra) pasatu ziren; azken horiek saldo handitan biltzen dira urte sasoi honetan harrapariengandik babesteko. Irailaren 25a ere migrazio egun ederra izan zen, aunitz ikusi baitziren bai arrano txikiak (Hieraetus pennatus), bai zikoina beltzak, bai miru gorriak (Milvus milvus). Hilean barna ere bertzelako hegaztiak pasatu izana nabarmendu behar da, hala nola arrano arrantzalea (Pandion haliaetus) eta erletxoria (Merops apiaster) esaten zaion txoritxo ikusgarria.
Lindus eta Trona mendietako behatzaileek 59 espezietako 8.316 ale zenbatu dituzte. Espezierik ugariena erletxoria izan da (1.976 ale; eta gero, enara (1.422) eta ubarroi handia (1.049); azken hori ugari pasatu zen benetan irailaren 27an. Irailean ere bertzelako espezieak izan dira ugari, hala nola miru gorria, zikoina beltza eta zuria, eta enara azpizuria (Delichon urbicum). Intereseko bertze espezie batzuk ere ikusi dira, baina aleetan urriago, hala nola belatz hankahoria (Falco verpertinus), Eleonor belatza (Falco eleonorae), mirotz lepazuria (Circus macrourus) eta sai motza (Aegypius monachus).
Portaleten eta Somporten, erletxoria izan zen nagusi lehen hamabortzaldian. Lindus 2ko aitzineko bi denboraldietan baino beranduxeago gurutzatu zuen zerua, baina aurreko urteetan baino ale gehiago izan ziren (1.486 ale, 2018an). Irailean bertze espezie batzuk ere aritu dira hegan Aragoiko mendi-lepoen gainetik; adibidez, sorbeltz arrunta (Apus apus) eta enara azpizuria. Bi hegazti horien populazioak beheiti doaz Europa guztian, eta aitzineko bi denboraldietan baino ale gutxiago zenbatu dira. Halaber, 18.814 enara aritu dira hegan, hau da, aurreko bi denboraldietan baino bi aldiz gehiago. Iraileko azken egunetan, bertzalde, azken zikoina beltz, arrano sugezale eta zuhaitz-belatzak (Falco subbuteo) pasatu dira. Egun horietan beretan, halaber, miru gorri gehiago pasatu dira, bai eta ubarroi handi, zingira-mirotz (Circus aeruginosus) eta negu-txirta (Anthus pratensis) gehiago ere, bertze espezie batzuen artean.
Hala Lindusen nola Portaleten, irail akaberan lehen kurrilo edo lertsun taldeak ikusi dira. Lindusen, zehazki, 70 alez osatuko talde bat, eta Portaleten, berriz, sei kurrilo hilaren azken egunean.
Mugaz gaindiko lankidetza proiektua
Hegazti migratzaileen gaineko lan hori Poctefa Lindus 2 izeneko mugaz gaindiko proiektuaren baitan dago, Aurizko Udalak gidaturik, eta hiru erakunde dira bazkide: Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/Birdlife), Ligue de Protection des Oiseaux (LPO Aquitaine), eta Nafarroako Gobernua, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoaren bidez (GAN-NIK). Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2k bertzelako helburuak ere baditu: kiropteroak (saguzarrak) aztertzea, ingurumen-heziketa bultzatzea eta ekoturismoa sustatzea, betiere 2016., 2017. eta 2018. urteetan.
Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.
2018/09/25 | BERRIAK
Irailaren amaierakoa baino gehiago uztailekoa edo abuztukoa zirudien tenperatura batek egin zien harrera igandean, Ornitologia eta Boluntariotza Jardunaldiaren kariaz, Auritzera joan ziren bisitariei. Zehazki, Interreg POCTEFA Lindus 2 mugan zeharko lankidetza programaren esparruan antolatu zuten jardunaldia. Programako ornitologoek eta boluntarioek lagunduta, Lindus mendira joan zirenek zeru oskarbiak izan zituzten gozagarri, eta, beraz, hegazti migratzaileak ikusteko aukera paregabea izan zuten, nahiz eta ez zituzten asko ikusi. Jauregiaroztegi hezegunean –hegazti migratzaile ugarirentzat atseden hartzeko tokia izaten da–, bertaratu zirenek eraztunketa zientifikoa nola egiten den ikusteko modua izan zuten, adituen eskutik. Han, gainera, ingurumen boluntariotzaren zabalkundea egiteko Nafarroako Gobernuaren gune bat kokatu zuten, eta gero herriaren erdialdera eraman zuten, bertan abere azoka, eskulangintzakoa eta bigarren eskukoa egiten ari baitziren.
Bisitariei arreta emateko, ingurumen boluntarioen laguntza baliotsua eduki zuten, bai Estatukoena eta bai nazioartekoena ere. Nazioartekoak, oraingoan, Kolonbiatik etorritakoak izan ziren. Hain zuzen, boluntario horiek mintzaldi bat egin zuten arratsaldean, landa turismo komunitarioaren gainean eta arbasoen jakinduria berreskuratzearen gainean, Kolonbiako Tenza eta Lengupá ibarretan.
Mugaz haraindiko lankidetza-proiektua
Hegazti horien monitorizazioa POCTEFA Lindus 2 mugaz haraindiko proiektuan kokatzen da. Proiektu hori Aurizko Udalakgidatzen du eta kide moduan parte hartzen dute Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) erakundeek eta Nafarroako Gobernuak, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez. Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2 programak beste helburu batzuk ditu: kiropteroak (saguzarrak) monitorizatzea, ingurumen-heziketa eta ekoturismoa sustatzea 2016., 2017. eta 2018. urteetan.
Proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen du % 65-ean, Interreg V. A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez. POCTEFA-ren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldearen integrazio ekonomiko eta soziala sendotzea da. Mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, batik bat, lurralde-garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bidez.
2018/09/20 | BERRIAK
Jardunaldia mugaz haraindiko Lindus 2 proiektuaren barne dago eta irailaren 23an egingo da. Proiektuan aritzen diren boluntarioek gidatutako hainbat jarduera proposatuko ditu.
Irailaren 23an, igandearekin, ornitologia eta boluntariotzari buruzko beste jardunaldi bat egingo da, Auritzen, eta jendeari irekita egongo da. Jardunaldiaren sustatzailea Lindus 2 da, hau da, hegazti migratzaileak behatzeari, ingurumen-heziketari eta muga pirenaikoko ekoturismoari buruzko mugaz haraindiko lankidetza-proiektua.
Hasteko, ibilaldi gidatu bat egingo da Ibañetako gainetik Lindus eta Trona lepoetaraino, han hegazti migratzaile ugari kontzentratzen baitira. Ibilaldian, jendeak hegaztiak nola igarotzen diren ikusi –eguraldia lagun– eta Lindus 2 proiektuari eta egiten diren boluntariotza-ekintzei buruzko informazioa jasoko du. Ibilbide gidatuak 09:00etan eta 10:30ean aterako direla aurreikusita dago, biak Ibañetako gainetik.
Horrez gain, beste bi jarduera egingo dira, 10:00etatik 12:30era. Jauregiaroztegi hezegunean egingo dira biak, migratzaile ugarik atseden hartzen duten tokian. Lehenengoan, hegaztiei nola jarri eraztuna erakutsiko da. Bigarrenean, hezegune horretan intsektu ugari daudela aprobetxatuko da odonatoak behatzeko (mariorratzak eta sorgin-orratzak).
Jarduera guztietan, bisitariak langile espezializatuekin egongo dira. Gainera, estatuko eta nazioarteko ingurumeneko boluntarioen laguntza baliotsua izango dute. Kasu honetan, Kolonbiako Tenza Ibarrekoak izango dira.
Halaber, ingurumeneko boluntariotza jakitera emateko gune mugikorra egongo da jardunaldian (Nafarroako Gobernuaren boluntariotzaren informazio- eta koordinazio-gunea). Bertan, Nafarroan aurreikusten diren boluntariotza-ekintzei eta ingurumen-heziketarako ekimenei buruzko informazioa emango da. Gunea Jauregiaroztegi hezegunean egongo da, 10:00-12:30 artean, eta, ordu horretatik aurrera, Aurizko pilotalekuan.
Mugaz haraindiko lankidetza-proiektua
Hegazti horien monitorizazioa POCTEFA Lindus 2 mugaz haraindiko proiektuan kokatzen da. Proiektu hori Aurizko Udalak gidatzen du eta kide moduan parte hartzen dute Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) erakundeek eta Nafarroako Gobernuak, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez. Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2 programak beste helburu batzuk ditu: kiropteroak (saguzarrak) monitorizatzea, ingurumen-heziketa eta ekoturismoa sustatzea 2016., 2017. eta 2018. urteetan.
Proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen du % 65-ean, Interreg V. A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez. POCTEFA-ren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldearen integrazio ekonomiko eta soziala sendotzea da. Mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, batik bat, lurralde-garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bidez.
2018/08/29 | BERRIAK
Interreg POCTEFA Lindus 2 proiektuko erakunde bazkideak Organbidexkako lepoan (Larrañe, Akitania Berria) bildu ziren abuztuaren 28an. Goizean zehar haizea izan zen nagusi, baina arratsaldean behatzaile asko joan ziren Organbidexkako lepora eta aukera paregabea izan zuten hegaztien behaketaz gozatzeko.
Mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren hirugarren urtea da, eta Pirinioetako goi mendateetan hegaztiek egiten duten migrazioaren behaketa eta erregistroa du helburu nagusi. Horrez gain, kiropteroak (saguzarrak) monitorizatzeko lanak ere egiten dira, ingurumen-hezkuntza, boluntariotza eta ekoturismoaren aldeko ekintzekin batera.