Irailaren 25ean bukatuko da “Natura eta Ondarea” izeneko ikastaroan izena emateko epea. Ikastaroa Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Aurizko Udalak antolatu dute, eta Ondareari buruzko Europako Jardunaldien barnean eginen da, Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren ekintzen baitan; era berean “Wellington ibilbidea” berreskuratzeko egitasmoari dago lotua. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak laguntza eman diote ekimenari.

Ikastaroa Eloísa Ramírez Vaquerok eta Fernando Cañada Palaciok zuzendua da, hau da, NUPeko Unibertsitate Proiekziorako eta Erakunde Harremanetarako Errektoreordeak eta Muraria enpresako arduradunak, hurrenez hurren, eta irailaren 27tik 30era bitarte eginen da Iruñeko Kondestable Jauregian, Aurizko Kultur Etxean eta Lindusko mendi-lepoan. Jardunaldietan, Ondarea izanen da aztergai, kulturari, paisaiari eta naturari lotutako ikuspegitik, betiere.

Jardunaldiak bi publiko motarentzat antolatu dira. Batetik, natur eta kultur ondarea kudeatzen ari diren profesionalentzat, ingurumenean adituak direnentzat, kultur eragileentzat eta berezko interesa duen jendearentzat. Bestetik, jende guztiarentzat, larunbat arratsalde beranduan dibulgaziozko saioak eginen baitira. Bestalde, azken eguna saio teoriko eta praktikoa izanen da Auritzen, eta gero, Lindusko lepoan emanen zaio bukaera. Mendi-lepo hori garrantzitsua da benetan nazioartean, bai naturari begira (hegazti migratzaileak pasatzen baitira) bai historiari begira (“Wellington ibilbidea” delakoaren berreskurapena).