Joan den otsailaren 23an, bigarren saio irekia egin zen Aurizko Kultur Etxean “Aurizko eta inguruko Ekoturismo Diagnosia” prestatzeko, POCTEFA Lindus 2 izeneko proiektuan aurreikusia dagoen bezala. Bileran, bi enpresak ekoturismoari buruzko diagnosiaren aurrerapena egin zuten, eta horrez gain, hegaztiak Lindusko lepoan behatzeko azken kanpainaren balantzea ere bai; zehazki, turismo jasangarrian ari den Biziki aholkularitza-enpresa eta ingurumen zerbitzuetarako Ornitolan enpresa izan ziren. Inguru honetara etorritako 237 bisitariri egindako inkestak oinarri harturik, turistaren profil bat taxutu dute, eta era berean, zer ohitura, interes eta motibazio dituzten. Errandakoaren arabera, batez beste, bisitaria adin erdikoa da (45 urte), Espainiako Estatuan bizi da eta bikoteka edo taldean doa. Oro har, txangozaleak dira nagusi (%64), turisten aldean. Turista ornitologikoa guztien % 4 da, eta oso ontzat jo du Lindusek berez hegaztiak behatzeko duen erakarpena, bai eta kalitatea ere. Izan ere, toki hauta da hegazti migratzaileen pasa ikusteko. Hortxe baitaude, konparaziora, azken behaketa-urte honetako zenbakiak: 92 espezietako 325.853 hegazti zenbatu baitira guztira, eta haien artean, 83, espezie migratzaileak izan dira.
Aurkezpenaren ondotik, Artzibar, Aezkoa eta Erroibarko hogei bat turismo-eragilek erronketako batzuk izan zituzten mintzagai inguru horretako turismoa bultzatzeko: adibidez, Lindusek ornitologiarako duen erakarpena bertakoen eta bisitarien artean zabaldu beharra; Lindus 2 proiektua agerrarazi beharra bai mendi-lepoan, baina baita herrian ere; inguruko turismo-eragileak proiektuan engaiatzea; inguruko ekoturismo eskaintza dibertsifikatzea, etab.
Hemendik aitzina, Bizikik eta Ornitolanek hainbat lan izanen dituzte eginkizun, hala nola ildo estrategikoak identifikatzen segitzea; ekoturismoan ekiteko plan bat prestatzea, eta produktu ekoturistikoak diseinatzea, betiere inguruko eragileek parte hartuta.
Ekoturismoa bultzatzeaz gain, Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuak hegaztien eztei ondoko migrazioa aztertzen dihardu mendebaldeko migrazio-bidean; halaber, saguzarrak aztertzen ari da, eta ingurumen-hezkuntza bultzatzen. Aurizko Udalak gidaturik, proiektuan partaide dira Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Akitaniako Lurralde Ordezkaritza) erakundea eta Nafarroako Gobernua, betiere GAN-NIK enpresa publikoaren bidez. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).