Zehazki, joan den uztailaren 15ean abiarazi zen. Orain arte ikusitako hegazti gehienak miru beltzak, sorbeltz arruntak eta enara azpizuriak izan dira

Hasia da hegaztien migrazioari buruzko datuak biltzeko bigarren denboraldia ohiko tokietan; hau da, Organbidexkako (Akitania Berria) eta Lindusko (Nafarroa) lepoetan, eta Huescako Somport eta Portalet mendateetan. Lindus 2 ekimeneko ekintzetako bat da, Pirinioetako mugaldean hegazti migratzaileak behatzeko, ingurumen heziketa sustatzeko eta ekoturismoa bultzatzeko. Poctefa proiektuaren barnean dago. Hainbat erakunde dira partaide, hala nola Aurizko Udala, LPO (Ligue pour la Protection des Oiseaux), Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife) eta GAN-NIK Nafarroako Gobernuko enpresa publikoa (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa S.A.).

Mugaz bi aldeetako behatzaileak iragan uztailaren 15ean hasi ziren hegaztiak zenbatzen, eta irailaren 14ra arte arituko dira.

Aste honetan zehar, hegazti aunitz ikusi dituzte; miru beltzak, sorbeltz arruntak eta enara azpizuriak, bereziki. Lindusko lepoan, erraterako, uztailaren 15etik 19ra, 443 miru beltz, milaka sorbeltz arrunt eta ehunka enara azpizuri, eta era berean, mendebaldeko 3 zingira-mirotz, 2 zikoina beltz, 2 mirotz urdin eta 3 zapelatz liztorjale. Hegaztirik gehien uztailaren 17an ikusi ziren, 248 miru beltz, hain zuzen.

Organbidexkako lepoan, behatzaileek eta boluntarioek 7.000tik gora hegazti ikusi dituzte. Izan ere, uztailaren 15etik 20ra, 3.297 miru gorri, 3.308 sorbeltz arrunt, 357 enara azpizuri, 51 enara arrunt, identifikatu gabeko falkoniforme bat, 23 ubarroi handi, 3 haitz-enara, identifikatu gabeko 18 hirundinidae, belatz gorri bat eta 2 txoka arrunt. Honatx hegazti gehien ikusitako egunak: uztailaren 16an, 1.570 miru beltz ikusi ziren, eta uztailaren 19an, berriz, 2.680 sorbeltz arrunt.

Bestalde, SEO/BirdLife erakundeko behatzaileek 3.000 hegazti inguru ikusi zituzten migrazioan, uztailaren 15etik 20ra, Somport eta Portalet mendateetan. Ikusitakoen artean, 700 miru beltz eta 1.000tik gora sorbeltz arrunt dira nabarmentzekoak. SEO/BirdLife erakundeko lan taldearen arabera, 2016an baino hegazti gehiago ikustea espero da, hala ale kopuruari dagokionez (66.700) nola migrazioan ari den espezie kopuruari dagokionez (74).

Lindus 2

Lindus 2 ekimena 2016an abiatu, eta 2018ra arte iraunen du. Europako Poctefa proiektuaren jarraipena da, bide atlantikoetan barrena hegazti migratzaileak ikusteko, 2010etik 2014ra garatutakoa (Lindus izenarekin). Helburu nagusia da biodibertsitatea, ingurumen hezkuntza eta ekoturismoa Pirinioetako mugaldean sustatzea.

Proiektuaren aurrekontua 1.417.038,97 euro da. Dirutza horretatik, Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) 921.075,33 (% 65) eman ditu, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (Programa Interreg V-A España-Francia-Andorra (POCTEFA 2014-2020).