2010az geroztik, bi milioitik gora hegazti migratzailek gurutzatu dute Lindusko lepoa. Beraz, leku bikaina da klima-aldaketa aztertzeko.

Mugaz gaindiko Lindus-2 proiektua ofizialki aurkeztu da gaur Aurizko Kultur Etxean, hegazti migratzaileen jarraipena egiteko, ingurumen hezkuntza sustatzeko eta ekoturismoa bultzatzeko.

Lindus 2 Pirinioetako mugaldean hegazti migratzaileak behatzeko, hezkuntza ingurumena sustatzeko eta ekoturismoa bultzatzeko Poctefa proiektua da, mugaz gaindiko lankidetzan oinarritua, eta lau bazkide ditu: Aurizko Udala, LPO (Ligue pour la Protection des Oiseaux), Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife) eta Nafarroako Gobernuko GAN-NIK enpresa publikoa (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa S.A.),

Ekitaldian aritu dira Isabel Elizalde Arretxea, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria; Luis de Potestad, Aurizko alkatea; Olivier Le Gall, Ligue pour la Protection des Oiseaux-LPOko presidentea, Fernando Sánchez Morales, Huescako Probintzia Diputazioko Programa Europarretarako deputatu-ordezkaria eta Canfranceko alkatea; eta Ramón Martí, Sociedad Española de Ornitología/BirdLife erakundeko lurralde-koordinatzailea. Publikoaren artean, Cederna-Garalur erakundearen ordezkariak izan dira, Lindus proiektuari loturiko entitatea baita, bai eta AEMETeko eta Pirinioetako hainbat udalerritako ordezkariak ere.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak alde guztien borondatea nabarmendu du proiektua gauzatzeko, eta halaber, mugaz bi aldeetan bildutako datuak eta egindako azterlan zientifikoak azpimarratu ditu, klima-aldaketa ukatzen duten informazioak gezurtatzen laguntzen baitute. “Nafarroako Gobernuak funtsezkotzat jotzen du hegazti-migrazioari buruzko emaitzak eta ezagutza berriak ahalik eta jende gehienarengana iristea, eta Lindusek hegaztien migrazioa ikusteko duen aitortza finkatzea”.

Aurizko alkateak, bere aldetik, nabarmendu du ekintza berriek nahiz hegaztiak eta saguzarrak monitorizatzeko saioek garapena ekarriko dutela herrira. “Ingurumen hezkuntza sustatuz eta boluntariotza kudeatuz, lurraldearen balioa agerian jarriko da eta ekoturismoa sustatzeko aukera izanen dugu, oro har Nafarroako Pirinioak bultzatzeko, eta bereziki, gure herria”.

LPO (Ligue pour la Protection des Oiseaux) erakundeko buruak eta Sociedad Española de Ornitología/BirdLife erakundeko lurralde-koordinatzaileak boluntarioen lana eta datu-bilketa azpimarratu dituzte, lana klima-aldaketa orokorraren adierazle ezin hobea baita, bai eta gure habitat sentikorrenen egoeraren adierazlea ere.

Lindus 2, 2018ra arte iraunen duen proiektua

Lindus 2, zehazki, 2016an abiatu zen eta 2018ra bitarte iraunen du. Europako Poctefa proiektuaren jarraipena da. Hura 2010etik 2014ra bitarte garatu zen (Lindus), hegazti migratzaileak bide atlantikoetan behatzeko. Lindus 2ren helburu nagusia da biodibertsitatea, ingurumen hezkuntza eta ekoturismoa Pirinioetako mugaldean sustatzea. Proiektuak ekarritako gauza berrien artean, nabarmentzekoa da hegaztiak behatzeko leku berriak daudela (Somport eta Portalet mendateak), kiropteroen monitorizazioa (saguzarrak) eta ekoturismo programa bat, oso garrantzitsua 2017an, Garapenerako Turismo Iraunkorraren Nazioarteko Urtea baita.

Proiektuak 1.417.038,97 euroko aurrekontua du. Horietatik, 921.075,33 (% 65) FEDER-Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsari dagozkio, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014-2020).

Lindus 2ko ekintza nagusiak

Hegaztien migrazio-pasabideak behatu eta erregistratzea da ekintzarik garrantzitsuenetako bat Lindus 2 proiektuaren baitan. Izan ere, mugaz bi aldeko ornitologoek guardia egiten dute Lindusko (Nafarroa) eta Organbidexkako (Akitania Berria) lepoetan, eta Somport eta Portalet mendateetan (Huesca), hegazti migratzaileak zenbatu eta identifikatzeko.

Baina migrazioa aztertzeaz haratago, Lindus 2k hainbat ekintza garrantzitsu aurreikusi ditu, hala nola boluntariotza-jarduerak egitea jarraipen eremuetan, eta ingurumen hezkuntzako programa bat abian jartzea jende guztiarentzat; eskolako ikasleentzat, bereziki.

Baina migrazioa aztertzeaz haratago, Lindus 2k hainbat ekintza garrantzitsu aurreikusi ditu, hala nola boluntariotza-jarduerak egitea jarraipen eremuetan, eta ingurumen hezkuntzako programa bat abian jartzea jende guztiarentzat; eskolako ikasleentzat, bereziki.

Lindus 2ko lehen behaketak eta ekimenak 2016an egin ziren. Izan ere, 2016ko abuztutik azarora bitarte, 83 espezietako 402.340 hegazti migratzaile ikusi ziren pasan Lindusko lepoan, hau da, Auritz eta Luzaide artean. Era berean, urriaren 29an eta 31n, 123.000 eta 84.000 uso baino gehiago zenbatu ziren pasan, hurrenez hurren; eta urriaren 9an, 448 miru gorri ikusi ziren.

Kalkuluen arabera, Europako harrapari migratzaileen % 90ek lepo hori zeharkatzen dute, bai eta Iberiar Penintsulara iristen diren hegazti migratzaileen saldo nabarmenek ere (miru gorria, zikoina beltza, kurrilo arrunta, pagausoa eta txoloma). 2010tik hona, bi milioitik gora hegazti migratzailek gurutzatu dute Lindusko lepoa, eta erreferentziazko tokia da klima-aldaketa aztertzeko.

Izan ere, hegazti migratzaileen jarraipena egiteak ederki erakusten digu zertan den klima-aldaketa orokorra eta zer egoeratan dauden gure habitatik sentikorrenak. Lur planeta berotzearen ondorioz, hegazti-fluxuak aldatzen ari dira. Horrela, espezie batzuek lehenago hasten dute bidaia; beste batzuek, atzeratu edota aldatzen dute. Hori agerikoa bada ere, datu-serie luzeak behar dira kudeaketa-neurri egokiak ezartzeko.

Lindus 2, halaber, jendea ingurumenaz sentsibilizatzeko proiektua da, herritar guztiei irekia. Lindus 2ko lehen jardueretako bat ornitologia-jardunaldia izan zen, familia guztiarentzat antolatua, Auritzen irailaren 25ean egina: ibilbide ornitologikoa, hegazti behaketa, ibilbideak bizikleta elektrikoetan, eta hegaztiei eraztunak era zientifikoan paratu zitzaizkien. La Caixa Gizarte Ekintza elkarlanean ari da Aurizko Udalarekin, programa honetako jarduerak garatzen laguntzeko.