Jardunaldia mugaz haraindiko Lindus 2 proiektuaren barne dago eta irailaren 23an egingo da. Proiektuan aritzen diren boluntarioek gidatutako hainbat jarduera proposatuko ditu.

Irailaren 23an, igandearekin, ornitologia eta boluntariotzari buruzko beste jardunaldi bat egingo da, Auritzen, eta jendeari irekita egongo da. Jardunaldiaren sustatzailea Lindus 2 da, hau da, hegazti migratzaileak behatzeari, ingurumen-heziketari eta muga pirenaikoko ekoturismoari buruzko mugaz haraindiko lankidetza-proiektua.

Hasteko, ibilaldi gidatu bat egingo da Ibañetako gainetik Lindus eta Trona lepoetaraino, han hegazti migratzaile ugari kontzentratzen baitira. Ibilaldian, jendeak hegaztiak nola igarotzen diren ikusi –eguraldia lagun– eta Lindus 2 proiektuari eta egiten diren boluntariotza-ekintzei buruzko informazioa jasoko du. Ibilbide gidatuak 09:00etan eta 10:30ean aterako direla aurreikusita dago, biak Ibañetako gainetik.

Horrez gain, beste bi jarduera egingo dira, 10:00etatik 12:30era. Jauregiaroztegi hezegunean egingo dira biak, migratzaile ugarik atseden hartzen duten tokian. Lehenengoan, hegaztiei nola jarri eraztuna erakutsiko da. Bigarrenean, hezegune horretan intsektu ugari daudela aprobetxatuko da odonatoak behatzeko (mariorratzak eta sorgin-orratzak).

Jarduera guztietan, bisitariak langile espezializatuekin egongo dira. Gainera, estatuko eta nazioarteko ingurumeneko boluntarioen laguntza baliotsua izango dute. Kasu honetan, Kolonbiako Tenza Ibarrekoak izango dira.

Halaber, ingurumeneko boluntariotza jakitera emateko gune mugikorra egongo da jardunaldian (Nafarroako Gobernuaren boluntariotzaren informazio- eta koordinazio-gunea). Bertan, Nafarroan aurreikusten diren boluntariotza-ekintzei eta ingurumen-heziketarako ekimenei buruzko informazioa emango da. Gunea Jauregiaroztegi hezegunean egongo da, 10:00-12:30 artean, eta, ordu horretatik aurrera, Aurizko pilotalekuan.

Mugaz haraindiko lankidetza-proiektua

Hegazti horien monitorizazioa POCTEFA Lindus 2 mugaz haraindiko proiektuan kokatzen da. Proiektu hori Aurizko Udalak gidatzen du eta kide moduan parte hartzen dute Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) erakundeek eta Nafarroako Gobernuak, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez. Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2 programak beste helburu batzuk ditu: kiropteroak (saguzarrak) monitorizatzea, ingurumen-heziketa eta ekoturismoa sustatzea 2016., 2017. eta 2018. urteetan.

Proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen du % 65-ean, Interreg V. A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez. POCTEFA-ren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldearen integrazio ekonomiko eta soziala sendotzea da. Mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, batik bat, lurralde-garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bidez.