Txinbadia+ proiektuko lan taldeak bisita teknikoa egin zuen atzo Auritzera eta Lindus ingurunera, Lindus 2 proiektua ezagutzeko.

Lindus 2 eta TXINBADIA+ proiektuetako 30 teknikari inguru elkartu dira Auritzen bakoitzaren esperientziak elkarri azaltzeko. Batzuk eta besteak ari baitira Pirinioetako natur ondarea zaintzeko eta aintzat hartzeko lanetan. Jardunaldiaren lehen zatia Aurizko Kultur Etxean egin da, bi proiektuen ezaugarriak eta helburuak azaltzeko. Ondoren, taldea Jauregiaroztegiko zohikaztegira joan da, hezegunea leheneratzeko lanak ikusteko. Arratsaldean, berriz, teknikariak Lindusko lepoan ibili dira, han zer egiten den jakiteko.

Txinbadia mugaz gaindiko sare bat da eta ingurumen-hezkuntzan, erabilera publikoan nahiz bi naturguneren zainketan dihardu; hots, Txingudiko padurak eta Abadia Eremua. Izan ere, bi toki horiek hegaztien migrazio-bidearen pasabide hautak dira Ekialdeko Atlantikoan. Horrela, Txinbadia+ (POCTEFA 14-20ren lehen deialdian onetsia) sareari loturiko hirugarren proiektua da, eta lan-taldeak gaitzeaz nahiz guneak moldatzeaz arduratzen da, erabilera publikoa eta kontserbazioa bateragarri egiteko asmoz. Bost erakunde dira bazkide: Eusko Jaurlaritza (Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren bitartez, proiektuaren gidaria baita); Pirinio Atlantikoetako Departamentua; Itsasbazterreko Kontserbatorioa eta Euskal Itsasertzeko Ingurumenaren Aldeko Ekimenen Zentro Iraunkorra, eta Hendaiako Udala.

Lindus 2 proiektuak (2016-2018) jarraipena eman dio Lindus Proiektuak 2010etik 2014ra egindako lanari, hegazti migratzaileek Mendebaldeko Pirinioetan egiten duten migrazioa aztertze aldera. Mugaz gaindiko lankidetza lana da, hainbat erakunderen artekoa. Hona hemen: Nafarroako Gobernua, GAN-NIK  enpresa publikoaren bidez (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa, S.A.); Aurizko Udala; SEO-Aragón (Espainiako Ornitologia Elkartea), eta  Akitaniako Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Aquitania) erakundea. Ekimenak, beraz, lurralde zabala hartu du bere baitan, Nafarroan, Aragoin eta Akitanian. Lindus 2k lau helburu ditu: hegaztiak lau toki estrategikotan identifikatu eta zenbatzea (Lindus, Organbidexka, Portalet eta Somport); inguru horretako saguzarrak ere aztertzea; gizartea sentsibilizatzea, ekoboluntarioen eta beste ekimen aunitzen bidez, hegaztiak behatzeari loturiko ekoturismoa bultzatzea Lindus lurraldean, eta inguru horretako izadiaren nahiz kulturaren balioa aintzat hartu eta erakustea.

Hala Txinbadia+ nola Lindus 2 Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugaz gaindiko lankidetzarako programa eragilearen baitan daude (POCTEFA), eta biek ere Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsa (FEDER) dute finantzabide.

Bi proiektuen aurkezpena

Lindus 2ren aurkezpenean, Aurizko alkate Luis de Potestadek Lindus mapan kokatu eta proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu, baita haren jatorria ere. Halaber, eremuaren eta ingurunearen garapen ekonomikoa bultzatuko duela nabarmendu du, eta era berean, ekoturismoa sustatzeko programa bat abiaraziko dela, turista gehiago erakartzeko. Era berean, boluntarioendako hainbat jarduera eginen dira hegaztien jarraipena egiten den eremuetan.

LPO (Ligue pour la Protection des Oiseaux) erakundeko Jean-Paul Urcun ordezkariak Organbidexkako lepoan (Zuberoa-Frantzia) lan egiten duten boluntarioen lana azpimarratu du, hegaztiak ikusteko lau alderdietako bat baita proiektuaren baitan. Urcunek azaldu du nola biltzen dituzten boluntarioak, nolako prestakuntza ematen zaien, eta nola antolatzen diren lan taldeak, ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko nahiz  parte-hartzaileen fidelizazioa sustatzeko.

Lindus 2k ekarritako gauza berrian artean, saguzarren monitorizazioa da. Kamera termiko bat erabiltzen da, ultrasoinuko grabagailu batekin batera. Nafarroako Gobernuko GAN-NIK (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa, S.A.) enpresa publikoaren ordezkari Carlos Astrainek aurreratu du azpiegitura egonkor bat osatuko dela saguzarren emigrazioa aztertzeko, eta gogoratu du orain arte 15 saguzar espezie zenbatu direla eremuan.

Sociedad Española de Ornitología (SEO/BirdLife) erakundea arduratzen da hegazti migratzaileen jarraipena egiteaz Somport eta Portalet mendateetan. 12.400 bazkide ditu eta ekoboluntarioz osaturiko sare nazional zabala ere bai.

Bukatzeko, Txinbadia+ proiektuko teknikariek azaldu dute erronka nagusia dela sareari jarraipena ematea.  Sare hori ingurumen hezkuntzan, kontserbazioan eta Txingudiko badiako naturguneen erabilera publikoaren kudeaketan diharduten taldeek sortu zuten.

Jardunaldiaren irudiak