Txinbadia+ proiektuko lan-taldeak bisita teknikoa eginen du hilaren 6an, ortzegunarekin, Auritzera eta Lindus ingurura, Lindus 2 egitasmoa ezagutzeko asmoz. Goizean, bi proiektuak aurkeztuko dira, eta arratsaldean, berriz, Lindusko lepora joanen dira, han egiten den lana bertatik bertara ikusteko, hegaztiak ikusteko toki hauta baita.
Hala Txinbadia+ nola Lindus 2 Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugaz gaindiko lankidetzarako programa eragilearen baitan daude (POCTEFA), eta biek ere Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsa (FEDER) dute finantzabide.
Txinbadia mugaz gaindiko sare bat da eta ingurumen-hezkuntzan, erabilera publikoan nahiz bi naturguneren zainketan dihardu; hots, Txingudiko padurak eta Abadia Eremua. Ingurune horrek balio handia du ingurumenaren aldetik, garrantzi ornitologiko nabarmena baitu. Izan ere, hegaztien migrazio-bidearen pasabidea da Ekialdeko Atlantikoan. Horrela, 2007tik 2013ra, bi POCTEFA proiektu garatu ziren (Txinbadia eta Txinbadia 14-15), eta horiei esker, sarea osatu eta finkatu zen. Beraz, oraingo Txinbadia+ hau (POCTEFA 14-20ren lehen deialdian onetsia) sareari loturiko hirugarren proiektua da, eta lan-taldeak gaitzeaz nahiz guneak moldatzeaz arduratzen da, erabilera publikoa eta kontserbazioa bateragarri egiteko asmoz. Bost erakunde dira bazkide: Eusko Jaurlaritza (Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren bitartez, proiektuaren gidaria baita); Pirinio Atlantikoetako Departamentua; Itsasbazterreko Kontserbatorioa eta Euskal Itsasertzeko Ingurumenaren Aldeko Ekimenen Zentro Iraunkorra, eta Hendaiako Udala.
Lindus 2 proiektua 2016tik 2018ra ari da garatzen, eta jarraipena eman dio Lindus Proiektuak 2010etik 2014ra egindako lanari, hegazti migratzaileek Mendebaldeko Pirinioetan egiten duten migrazioa aztertze aldera. Mugaz gaindiko lankidetza lana da, hainbat erakunderen artekoa. Hona hemen: Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa, S.A.); Aurizko Udala; SEO-Aragón (Espainiako Ornitologia Elkartea), eta Akitaniako Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Aquitania) erakundea. Ekimenak, beraz, lurralde zabala hartu du bere baitan, Nafarroan, Aragoin eta Akitanian. Hegaztiak lau tokitan identifikatu eta zenbatzeaz gain (Lindus, Organbidexka, Portalet eta Somport), inguru horretako saguzarrak ere aztertzen dihardute. Hortaz landara, Lindus-2k gizartea sentsibilizatu nahi du, ekoboluntarioen eta beste ekimen aunitzen bidez. Proiektuak, azkenik, hegaztiak behatzeari loturiko ekoturismoa bultzatu nahi du Lindus lurraldean, eta inguru horretako izadi nahiz kulturaren balioa aintzat hartu eta erakutsi.