Interreg POCTEFA Lindus 2 proiektuko erakunde bazkideak Organbidexkako lepoan (Larrañe, Akitania Berria) bildu ziren abuztuaren 28an. Goizean zehar haizea izan zen nagusi, baina arratsaldean behatzaile asko joan ziren Organbidexkako lepora eta aukera paregabea izan zuten hegaztien behaketaz gozatzeko.

Mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren hirugarren urtea da, eta Pirinioetako goi mendateetan hegaztiek egiten duten migrazioaren behaketa eta erregistroa du helburu nagusi. Horrez gain, kiropteroak (saguzarrak) monitorizatzeko lanak ere egiten dira, ingurumen-hezkuntza, boluntariotza eta ekoturismoaren aldeko ekintzekin batera.