20.000tik gora miru beltz ikusi dira uztailean, mendebaldeko Pirinioetan   

Hegaztiak mugaz gaindiko Lindus 2 lankidetza proiektuaren bidez zenbatu dira, Nafarroako, Akitania Berriko eta Huescako zenbait mendatetan

Miru beltza (Milvus migrans) izan da hegaztirik ugariena Lindus 2 izeneko ekimenaren hirugarren kanpainaren lehen behaketa egunetan. Ekimenak hegaztien eztei ondoko migrazioa du aztergai mendebaldeko bideetan. Guztira, 29.577 hegazti ikusi dira, eta haietarik, 21.728 miru beltzak izan dira. Behaketa joan den uztailaren 13an hasi zen Somport eta Portalet (Huesca) mendateetan, eta uztailaren 15ean, berriz, Lindus mendian (Nafarroa-Nafarroa Beherea) eta Organbidexka lepoan (Larrañe, Akitania Berria). Aragoiko behaketa-lanak urriaren 31n bukatuko dira, eta Lindus eta Organbidexkakoak, berriz, azaroaren 15ean.

Lindus mendiko uztailaren 15etik 31ra bitarteko behaketak datu hauek utzi dizkigu: behaketa 12 egunez egin ahal izan da, eta 20 espezietako 5.628 hegazti ikusi dira. Ugariena sorbeltz arrunta (Apus apus) izan da 3.288 alerekin; gero, miru beltza (1.907 ale) eta enara azpizuria  (Delichon urbicum), 209rekin. Halaber, beste espezie batzuetako ale kopuru txikiagoak ikusi ziren, batzuk interes handikoak, hala nola zikoina zuria (Ciconia ciconia) eta beltza (Ciconia nigra), lehen zapelatz liztorjaleak (Pernis apivorus), eta zingira mirotzen bat (Circus aeruginosus).

Organbidexkan, berriz, 14.404 hegazti ikusi ziren, behaketa egin ahal izan zen 12 egunetan, uztailaren 15etik 31ra. Gehienak miru beltzak izan ziren (12.402), inguru hartako laino handiek bidea uztaileko hainbat egunez trabatu bazien ere. Era berean, sorbeltz arruntak (1.577) eta enara azpizuriak (390) ikusi ziren, bai eta intereseko beste espezie batzuetako ale batzuk ere, hala nola ubarroi handia (Phalacrocorax carbo), arrano arrantzalea  (Pandion haliaetus), eta zikoina zuria eta beltza.

Huescako Somport eta Portalet mendateetako lehen egunetan zeru argia izan zen; beraz, baldintza ezin hobeak behaketarako. Bietan ere ugariena miru beltza izan zen, 7.419 alerekin, eta kontuan hartu behar da guztira 9.545 hegazti migratzaile zenbatu zituztela uztailaren 13tik 29ra. Beste espezie batzuk ere zenbatu ziren, baina aunitzez ere kopuru txikiagoan, hala nola zikoina beltza, ubarroi handia, arrano sugezalea (Circaetus gallicus), arrano txikia (Aquila pennata) edota zapelatz liztorjaleen, (Pernis aviporus), zingira mirotzen eta sai zurien (Neophron percnopterus) lehen mugimenduak.

Hala Somporten eta Portaleten nola Organbidexkan, aurtengo Lindus 2ko deialdian izena emaniko boluntarioak ornitologoekin eta hegazti zenbaketan adituak direnekin aritu dira elkarlanean, hegazti migratzaileen behaketa- eta erregistro-lanetan. Lindus mendian, berriz, boluntarioak abuztuaren 8an hasiko dira.

Mugaz gaindiko lankidetza ekimena

Hegazti migratzaileen gaineko lan hori Lindus 2 mugaz gaindiko proiektuaren baitan dago, Aurizko Udalak gidaturik, eta hiru erakunde dira bazkide, hala nola Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife),Txoriak Babesteko Liga (LPO-Aquitaine), eta Nafarroako Gobernua, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoaren bidez (GAN-NIK). Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2k bestelako helburuak ere baditu: kiropteroak (saguzarrak) aztertzea, ingurumen-heziketa bultzatzea eta ekoturismoa sustatze, betiere 2016., 2017. eta 2018. urteetan.

Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.