Zikoina beltz eta zurien errekorra, eta sorbeltz arrunten pasa ona izan dira ardatz Lindus 2 proiektuko behaketa kanpainan

2017ko uztailaren 15etik azaroaren 15era, behatzaileek 659.113 hegazti ikusi dituzte Organbidexkako lepoan, Lindus mendian, eta Aragoiko Somport eta Portalet mendateetan, mendebaldeko Pirinioetako bideko hegaztien eztei ondoko migrazioa aztertzeko bigarren kanpainan. Ekimena Lindus 2 izeneko mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren bidez gauzatu da.

327.949 hegazti ikusi dira Lindus mendian

Lindus mendiko behaketa gunean (Banka-Auritz), guztira 91 espezietako 327.949 hegazti zenbatu dira. Guztien artetik, pagausoa (Columba palumbus) eta txoloma (Columba oenas) izan dira espezierik ugariena migrazio pasan, 209.929 alerekin. Gero, espezierik ugariena kurrilo arrunta edo lertsuna (Grus grus) izan da, 66.367 alerekin, eta ondotik, sorbeltz arrunta (Apus apus), 10.038 hegaztirekin.

Deigarria izan da miru gorrietan (Milvus milvus) izan den gorakada, 6. 466 ale baino gehiago ikusi baitira, eta deigarria ere, zeinen datu onak eman dituzten zikoina zuriak (Ciconia ciconia) eta beltzak (Ciconia nigra), 1.688 eta 426 hegazti izan baitira, hurrenez hurren. 1987az geroztiko kopuru handiena izan da zikoina zuriarentzat eta miru gorriarentzat. Kurrilo arruntaren bigarren denboraldirik onena izan da, 1987tik honat. Aitzitik, espezierik ugariena izanik ere, uso gutxiago igaro da, behin bakarrik izan baita aurtengoa baino kopuru txarragoa.

Urriaren 31 eta azaroaren 1a izan ziren Lindusko egunik ikusgarrienak; urriko azken egunean usoa, kurriloak eta ubarroi handiak (Phalacrocorax carbo) ugari igaro zirelakoz, eta azaroko lehena, kurrilo pasa zoragarria izan zelakoz (24.000tik goiti). Espezie bakanetan edo ustekabekoetan ere urte ona izan da, denetan hoberena, 2010etik honat, behinik behin.

Zikoina errekorra Organbidexkan

Organbidexkako lepoko (Larrañe, Akitania Berria) behatzaileek 212.262 ale zenbatu dituzte, 113 espezietakoak. Txonta arrunta (Fringilla coelebs) izan da ugariena (49.423); gero, miru beltza (37.034) eta sorbeltz arrunta (19.216).

Lindusen bezala, urtea errekorra izan da zikoina zurietan (1.404) eta beltzetan (1.027). Alde ederra dago 80ko hamarkadako kopuruekin, nekez ibiltzen baitziren zikoina beltzak hegan behaketa gune horretan, dozena gutxi batzuk baizik ez. Beste espezie batzuek ere errekorra hautsi dute Organbidexkan, hala nola miru gorriak, 8.796 alerekin, tarinak edo haltz-txoriak (Spinus spinus), 3.537rekin, eta mokolodiak (Coccothraustes coccothraustes), 2.730 alerekin. Miru beltzen pasa ere ikusgarria izan da zinez. Adibidez, 14.000 alek hegan egin zuten Organbidexkako lepoaren gainetik 4 orduan, abuztuaren 7an.

Aldiz, ez dira onak izan txoka arruntari (Linaria cannabina) buruzko datuak, azken urteotako txarrenak, hain zuzen, eta gauza bera erran behar da usoei dagokienez (txoloma eta pagausoa), hiruren artean 11.243 ale izan baitira. Bitxikeria gisa, lehen aldiz Japoniako urretxindor (Leiothrix lutea) bat ikusi da, bai eta batere ohikoak ez diren beste espezie batzuk ere

Sorbeltza, Aragoiko Pirinioetako migrazioan errege

Mugaldeko bi mendate horietan 2017an eginiko landa-lanari esker, 118.902 hegazti zenbatu dira: 96 espezietako 62.686 ale Somporten, eta 84 espezietako 56.216 ale, Portaleten. Nabarmen igo dira iazko kopuruak, eta hori, hein batean, iragan denboraldiko esperientziari zor zaio, horri esker behaketarako gunerik egokienak aukeratu baitira.

Bi mendate horietako daturik deigarrienen artean, sorbeltz arruntaren pasa azpimarratu beharra dago (42.970 ale), uztailaren erditik agorril akaberara. Migrazioak 2016an baino lehentxeago jo zuen goia. Miru beltz aunitzek ere gurutzatu zituzten Bortuak behaketa hasi eta lehen asteetan (24.152); gero,  enara azpizuriak (Delichon urbicum) izan ziren, 22.999 alerekin.

Somporten eta Portaleten beherakada nabarmena izan da enara arrunten (Hirundo rustica) pasan: hots, 8.727. 2016an, ordea, 12.268. Halaber, beste espezie batzuek behera jo dute, hala nola belatz txikiak (Falco columbarius), txonta arruntak eta zikoina zuriek, besteak beste. Kontrara, 5.284 kurrilo zenbatu dira, iazkoan halako bi kasik, baina 2016an baino hiru aste geroago etorri ziren. Beste espezie batzuk ere ugariagoak izan dira aurreko urtean baino; zikoina beltza, ubarroi handia, mirotz zuria eta miru gorria, adibidez.

Mugaz gaindiko lankidetza proiektua

Hegaztiak zenbatzeko ekimena Lindus 2 mugaz gaindiko proiektuaren baitan sartua dago, Aurizko Udalak gidaturik. Proiektuak hainbat bazkide ditu, hala nola Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Aquitaine) erakundea eta Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez.

Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2-k bertzelako xedeak ditu, hala nola kiropteroak (saguzarrak) monitorizatzea, ingurumeneko hezkuntza sustatzea eta ekoturismoa bultzatzea 2016an, 2017an eta 2018an. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).