Usoak eta txontak zeruetan nagusi. Ateri izan da urriaren lehen hamabostaldian, eta zeruak garbi-garbiak. Beraz, mendi-lepoetako behatzaileek argitasun izugarria izan dute zeru sabaia ikusteko eta hegazti migratzaileen ibilbideari jarraitzeko, Lindus 2 erraten zaion proiektuaren baitan. Zehazki, Organbidexkan, Lindus mendian, eta Somport eta Portaleten ari dira lan hori egiten. Irailean harrapariak izan ziren nagusi, lehen enarak ere iritsi ziren, eta urriaren lehen hamabostaldian, aldiz, txontak eta usoak izan dira ugari, baina oraindik miru kopuru nabarmena ere bai.

Lindus mendiko behaketa gunean, 47 espezietako 15.859 hegazti zenbatu dira, zeru garbia izan den 13 egunetan. Hegazti migratzailerik ugarienak pagausoa (Columba palumbus), txoloma (Columba oenas) eta identifikatu gabeko usoa  (Columba sp) izan dira; guztira, 7.906 ale. Ondoren, espezierik ugariena miru gorria (Milvus milvus) izan da, 3.509 alerekin, eta ondotik, txonta arrunta (Fringilla coelebs), 1.277 hegaztirekin, eta ubarroi handia (Phalacrocorax carbo) 1.123 alerekin. Urriaren 7a ikusgarria izan zen Lindusen hegazti migratzaileak ikusteko, 1.248 miru gorri ikusi baitziren, bai eta 3.000tik gora uso ere.

Espezierik ugarienekin batera, Lindusen bertze espezie batzuk ikusi dira, kopuru txikiagoan baina interes handikoak, hala nola belatz txikia (Falco columbarius), gabiraia (Accipiter nisus), eta elano urdina (Elanus caeruleus). Era berean, lehen espezie negutarren etorrera hasi da: adibidez, mokolodia (Coccothraustes coccothraustes), tarina (Carduelis spinus), edota udako espezieen azken aleak, hala nola miru beltza (Milvus migrans) edo zapelatz liztorjalea (Pernis apivorus).

Organbidexkako behatzaileek, bestalde, 71 espezietako 47.817 hegazti ikusi dituzte, urriaren 2tik 15era. Espezie ugariena txonta arrunta izan da(24.518); gero, miru gorria (4.748) eta txoka arrunta (Carduelis cannabina)(4.598). Hamabostaldian barrena, egun ikusgarriak izan dira hegaztietan; urriaren 7an, esaterako, errekorra izan zen miru gorrietan (1.940); aurreko errekorra 1994an izan zen, egun bakarrean 1.502 ikusi baitziren.  Albiste pozgarria ere izan zen urriaren 4an mila bat zikoina beltz (Ciconia nigra) pasatu izana. Izan ere, duela berrogei urte, dozenaka ale batzuk baizik ez ziren ikusten Organbidexka aldean. Mokolodiaren pasa ere bereziki ugaria izan da.

Organbidexkan, halaber, hain ohikoak ez diren bertze behaketa batzuk izan dira. Guztien artean, honakoak nabarmendu behar dira: basoilo handi bat (Otis tarda), mirotz lepazuriak (Circus macrourus), belatz handi bat (Falco peregrinus) eta bi zingira-hontz (Asio flammeus). Urriaren 13an, lehen kurrilo arruntak (Grus grus) ikusi ziren, urteko migrazioaren azken txanpa heldu den seinale.

Somport eta Portalet Aragoiko mendateen artean, lehendabiziko hartan izan da pasarik handiena (% 62) urriaren lehen hamabostaldian, oihan inguruneei lotutako hegazti txiki aunitz eta aunitz pasatu baitira, lepo hori pasabide aproposa baita haientzat (ez horren lepo altua, eta zuhaizti gehiago). Espeziez espezie, nabarmentzekoa izan da oraindik ere enara arrunta (Hirundo rustica), bai eta haitz enara ere (Ptyonoprogne rupestris). Halaber, fringilidoen pasa ugaritu da; txonta arruntarena, batez ere, baina bertzelakoena ere bai. Hona hemen: txoka arrunta, tarina, karnaba (Carduelis carduelis) eta, hein txikiagoan, txirriskila arrunta (Serinus serinus), txorru arrunta (Chloris chloris) eta mokolodia.

Urriaren 4an, lehen ubarroi handiak ikusi ziren Aragoiko lepoetan, eta urriaren lehen hamabostaldian, halaber, zikoina beltz batzuk agertu ziren bakardadean hegan. Harraparietan, berriz, ia ez da zapelatz liztorjalerik ikusi (Pernis apivorus), baina ugariagoa izan da zapelatz arrunta (Buteo buteo), miru gorria, belatz gorria (Falco tinnunculus), gabiraia eta belatz handia, bertzeak bertze.

Azken txanpan dago eztei ondoko hegazti migrazioa aztertzeko bigarren kanpaina, hau da, mendebaldeko bideetan egiten dena, behaketa denboraldia azaroaren 14an bukatuko baita. Kanpaina Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren baitan dago, Aurizko Udalak gidaturik, eta hainbat bazkide dituena:  Espainiako Ornitologia Elkartea   (SEO/BirdLife),  Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) eta Nafarroako Gobernua,  GAN-NIK enpresa publikoaren bitartez.

Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2-k bertzelako xedeak ditu, hala nola kiropteroak (saguzarrak) monitorizatzea, ingurumeneko hezkuntza sustatzea eta ekoturismoa bultzatzea. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).