2.000.000 hegazti migratzaile inguru zenbatu dira Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren bidez

Lidus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren bukaerako jardunaldia Aurizko Kultur Etxean egin da azaroaren 27an. Zer lan egin diren eta gauzak nola joan diren azaltzeaz gain, klima-aldaketak hegazti migratzaileen portaeran eragindako aldaketa izan zuten solasgai. Ekimenak, zehazki, hegaztiek mendebaldeko Pirinioetan egiten duten eztei ondoko migrazioa aztertu du, Aurizko Udala izan da gidaria, eta hiru bazkide izan dira: Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) eta Nafarroako Gobernua,  GAN-NIK enpresa publikoaren bidez.

2016, 17 eta 18an, 2 milioi hegazti migratzaile inguru zenbatu dira proiektuaren bidez hainbat mendi-lepotan: Organbidexkan (Akitania Berria), Lindus eta Trona mendietan (Nafarroa Garaia-Nafarroa Beherea), eta Somport eta Portalet mendateetan (Huesca). Azterlan honek eta bertze batzuek erakutsi dutenez, hegaztien portaera aldatzen ari da, dela kliman gertatzen ari diren aldaketei erantzuteko, dela hegaztiak ugaltzen diren habitatetako eta negu lekuetako aldaketetara moldatzeko. Izan ere, zingira-mirotzak (Circus aeruginosus), adibidez, bana bertze, 10 egun lehenago egiten du orain migrazio-pasa. Zikoinak eta Saharaz hegoalderaino joan ohi diren bertze espezie batzuk Iberiar penintsulan hasi dira negua ematen, Afrikaraino hegan egin ordez. Bertze batzuek, berriz, ez dituzte urtero Pirinioak gurutzatzen eta neguak iparralderago pasatzen dituzte; hala nola murgilari arruntak (Aythya ferina) eta ahate txistulariak (Anas penelope). Pirinio atlantikoetan, egiaztatu da hego-haizeak gehiagotan jotzearen ondorioz, usoen migrazio-korridoreak mendebalderantz joan direla; orain, uso gutxiago dabil Organbidexkan, eta gehiago, berriz, Lindusen eta mendebalderago dauden bertze lepo batzuetan.

Sentsibilizazioa, ingurumen heziketa eta ekoturismoa

Hegazti behaketaz gain, Lindus 2k bertzelako lanak egin ditu 2016tik 2018ra, hala nola kiropteroen –saguzarren– zenbaketa eta azterketa, ingurumen sentsibilizazioa eta heziketa, boluntariotza, eta ekoturismoa bultzatzea. Horrela, sentsibilizazio eta prestakuntzaren arloan, eskola tailerrak egin dira eta behaketa zertan datzan azaldu da lepoetan bertan; halaber, zabalkundeko materialak argitaratu eta udako unibertsitate-ikastaroak nahiz erakusketa bat egin dira Auritzen, bai eta bertze gauza aunitz ere. Boluntariotzari dagokionez, 400etik gora lagun aritu dira elkarlanean hegaztiak zenbatzeko eta han bertan jendea sentsibilizatzeko.  Kiropteroen gaineko azterketak, bestalde, datu jakingarriak eman ditu espezie ugarienez, haien pasabideez, eta ale gehien dauden lekuez, Nafarroan, betiere. Bestalde, ekoturismoa Auritz aldean bultzatzeko estrategia bat taxutu da, Pirinioetako ingurumen baliabideak toki garapenerako baliatzeko. Beraz, Lindus 2, hitz batez, POCTEFA praktika onaren adibide ederra izan da, Cristina Igoak jardunaldian bertan erran zuenez, hau da, Europako programa honetako komunikazio arduradunak.

2018ko behaketaldia

Lindus 2ko hirugarren eta azken behaketaldia azaro erdialdean bukatu da, eta guztira, 482.065 hegazti zenbatu dira; iaz baino gutxiago, 659.113 hegazti ikusi baitziren. Behaketa lanak uztailaren 13an hasi ziren Somport eta Portalet mendateetan; eta uztailaren 15ean, Lindus mendian (Nafarroa Garaia-Nafarroa Beherea) eta Organbidexkako lepoan: bukatu, berriz, urriaren 31n bukatu ziren Aragoiko bi behaketa tokietan, eta azaroaren 15ean, Lindusen eta Organbidexkan.

Eguraldiak guztiz lagundu ez bazion ere, uztaileko migrazioaren espezie ugariena miru beltza (Milvus migrans) izan zen. Hilabete horretan, interes handiko espezieak ikusi ziren, baina kopuru txikiagoan, hala nola zikoina zuria (Ciconia ciconia) eta beltza (Ciconia nigra) -azken hamarkada hauetan kopuruak gora egin du-, ubarroi handia (Phalacrocorax carbo), arrano arrantzalea (Pandion haliaetus) eta arrano sugezalea (Circaetus gallicus).

Abuztuan, miru beltza, zikoina zuria eta beltza, bai eta zapelatz liztorjale (Pernis apivorus) eta sorbeltz arrunt (Apus apus) aunitz ere. Era berean, bertzelakoak ikusi ziren, hala nola arrano sugezaleak (Circaetus gallicus), zapeltz arruntak (Buteo buteo), arrano arrantzaleak (Pandion haiaetus), eta ale batzuk bai Eleonor belatzetan (Falco Eleonorae) bai gabiraietan (Accipiter nisus), bertze espezie aunitzen artean.

Irailean, migrazio-pasa bereziki handia eta askotarikoa izan da, eta bi espezie nabarmendu dira bertzeen gainetik: arrano sugezalea eta enara (Hirundo rustica). Bertzelako espezieak ere aunitz ikusi ziren, hala nola miru gorriak (Milvus milvus), zikoinak, ubarroi handiak, zingira-mirotzak (Circus aeruginosus) eta enara azpizuriak (Delichon urbicum); azken espezie horren populazioa beheiti doa Europa osoan.

Denboraldiaren azken txanpan, ederra izan da urriko zeruetako ikuskizuna, 200.000 uso inguru pasatu baitira (Columba palumbus, Columba oenas eta Columba sp.), Lindus, Trona eta Organbidexka artean, bai eta kurrilo edo lertsun (Grus grus) saldo handiak ere; kurriloetan, zehazki, 74.798 ale ikusi dira bost behaketa tokien artean, denboraldi honetan.

POCTEFA proiektua

Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.