Irailaren amaierakoa baino gehiago uztailekoa edo abuztukoa zirudien tenperatura batek egin zien harrera igandean, Ornitologia eta Boluntariotza Jardunaldiaren kariaz, Auritzera joan ziren bisitariei. Zehazki, Interreg POCTEFA Lindus 2 mugan zeharko lankidetza programaren esparruan antolatu zuten jardunaldia. Programako ornitologoek eta boluntarioek lagunduta, Lindus mendira joan zirenek zeru oskarbiak izan zituzten gozagarri, eta, beraz, hegazti migratzaileak ikusteko aukera paregabea izan zuten, nahiz eta ez zituzten asko ikusi. Jauregiaroztegi hezegunean –hegazti migratzaile ugarirentzat atseden hartzeko tokia izaten da–, bertaratu zirenek eraztunketa zientifikoa nola egiten den ikusteko modua izan zuten, adituen eskutik. Han, gainera, ingurumen boluntariotzaren zabalkundea egiteko Nafarroako Gobernuaren gune bat kokatu zuten, eta gero herriaren erdialdera eraman zuten, bertan abere azoka, eskulangintzakoa eta bigarren eskukoa egiten ari baitziren.
Bisitariei arreta emateko, ingurumen boluntarioen laguntza baliotsua eduki zuten, bai Estatukoena eta bai nazioartekoena ere. Nazioartekoak, oraingoan, Kolonbiatik etorritakoak izan ziren. Hain zuzen, boluntario horiek mintzaldi bat egin zuten arratsaldean, landa turismo komunitarioaren gainean eta arbasoen jakinduria berreskuratzearen gainean, Kolonbiako Tenza eta Lengupá ibarretan.
Mugaz haraindiko lankidetza-proiektua
Hegazti horien monitorizazioa POCTEFA Lindus 2 mugaz haraindiko proiektuan kokatzen da. Proiektu hori Aurizko Udalakgidatzen du eta kide moduan parte hartzen dute Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) erakundeek eta Nafarroako Gobernuak, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez. Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2 programak beste helburu batzuk ditu: kiropteroak (saguzarrak) monitorizatzea, ingurumen-heziketa eta ekoturismoa sustatzea 2016., 2017. eta 2018. urteetan.
Proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen du % 65-ean, Interreg V. A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez. POCTEFA-ren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldearen integrazio ekonomiko eta soziala sendotzea da. Mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, batik bat, lurralde-garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bidez.