Espezierik ikusienak sorbeltz arruntak, miru beltzak eta enara azpizuriak izan dira
Uztailaren 15etik 31ra, guztira 58.455 hegazti migratzaile zenbatu dira Organbidexka, Lindus, Portalet eta Somport behaketa tokietan, Lindus 2 proiektu europarraren barnean. Hegaztien eztei ondoko migrazioa aztertzeko bigarren kanpaina da mendebaldeko bidean, Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren barnean, Aurizko Udalak gidaturik. Proiektuak hainbat bazkide ditu parte-hartzaile: Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) eta Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez.
Uztailaren bigarren hamabostaldian, Organbidexkan, 18 espezietako 14.241 hegazti zenbatu ziren hamaika behaketa egunetan. Gehienak miru beltzak izan ziren, 9.413 ale; gero, sorbeltz arruntak (4.044) eta enara azpizuriak (608). Ia miru erdiak uztailaren 29an igaro ziren; enara azpizuri gehienak, berriz, uztailaren 17an igaro ziren (330), eta uztailaren 19an, sorbeltz arrunt guztiak (4.044). Organbidexkatik bertze espezie interesgarri zenbait ere ikusi ziren, hala nola ubarroia, zikoina beltza eta arrano sugezalea.
Bigarren hamabortzaldian, Lindusko lepoan 3.669 hegazti zenbatu ziren, 36 espezietakoak. Dena den, 11 egunetan bakarrik egin ziren behaketak, gainontzekoetan zerua goibel baitzegoen. Espezie migratzailerik ugariena sorbeltz arrunta (Apus apus) izan zen (2.051 ale); gero, miru beltza (Milvus migrans), 1.190 alerekin, eta enara azpizuria (Delichon urbicum), 115ekin. Miru beltz gehien uztailaren 29an igaro ziren (537); enara azpizuri gehienak, berriz, uztailaren 19an (1.388). Gainera, bertze espezie batzuk ere ikusi ziren, hori bai aunitzez ere kopuru txikiagoan, hala nola zikoina beltza eta sorbeltz arrea.
Aragoiko Portalet eta Somport mendateetan zerua garbiagoa egon zen, eta 17 egunetan egin ziren behaketak. Portaleten 14 espezietako 23.886 ale zenbatu ziren. Lindus eta Organbidexkan bezala, hiru espezierik ugarienak sorbeltza (18.006), miru beltza (4.996) eta enara azpizuria (794) izan ziren. Somporten 16.679 hegazti zenbatu ziren, 10 espezietakoak, 17 behaketa egunetan. Somporten ere, hegazti ugarienak miru beltzak (7.690), sorbeltz arruntak (7.632) eta enara azpizuriak (1.264) izan ziren.
Abuztu hasiera honetan, eguraldi txarrak behaketa eragotzi du zenbait egunez, baina aldi berean pasa egun zoragarriak izan dira; abuztuaren 7an, adibidez, 13.968 miru beltzak Organbidexkako zerua urratu zuten. Hori bezalako uneak bizi nahi dituenak, eta hegazti migratzaileei buruz zerbait gehiago ikasi, aukera ederra izanen du irailaren 24an, egun horretan ornitologia jardunaldi irekia eginen baita Lindusko lepoan.
Hegazti migratzaileak aztertzearekin batera, Lindus 2k bertzelako helburuak ere baditu, hala nola kiropteroak (saguzarrak) monitorizatzea, ingurumen hezkuntza zabaltzea, eta ekoturismoa bultzatzea. Proiektuak Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsaren (EGEF) dirua jaso du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA) programaren bitartez.