Atzodanik, abuztuak 8, urriaren 3ra bitarte, 70 boluntario arituko dira hegazti migratzaileak behatu eta zenbatzeko lanetan, Lindus mendian, POCTEFA Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren barnean. Ekimena Nafarroako, Akitania Berriko eta Huescako lau mendatetan egiten ari da.

Nafarroako Gobernuak, GAN-NIK enpresa publikoaren bitartez, bat egin du aurten boluntarioendako deialdiarekin. Deialdia elkarrekin egin dute SEO Birdlife eta LPO France erakundeek Lindus 2 proiektuaren baitan, nahi duen orok bere borondatez eztei ondoko migrazioaren behaketan eta zenbaketan parte har dezan, Lindus 2 mendian. Nafarroari dagokionez, boluntariotza lanak geroago hasi dira, bertze bazkideekin batera halaxe erabakita.

Guztira, 70 lagun arituko dira 8 astetan banatuta (abuztuaren 8tik urriaren 3ra), ornitologian aditua den jendearen erranetara, eta bertzean bertze, hegaztiak monitorizatzeko lanak eginen dituzte Auritzen. Astetik astera, boluntario kopurua ezberdina izanen da; horrela, txandarik txikienean 4 lagun arituko dira, eta ugarienean, berriz, 13.

Lindus mendiko boluntariotza kanpainan, halaber, boluntario kolonbiarrek parte hartuko dute, Kolonbiako GAL Vallentazo agentziak erakutsitako interesarekin bat, erakunde horrek turismo ornitologikoa bultzatu nahi baitu han darabilen toki garapen jasangarrirako estrategiaren barnean. Erakunde horren ordezkariak hemen izan ziren bisitan, Cederna Garalurrek antolaturik. Kolonbiarrak, zehazki, abuztuaren 22tik irailaren 4ra eta irailaren 12tik 15era arituko dira.

Mugaz gaindiko lankidetza proiektua

Hegaztion gaineko lan hori Poctefa Lindus 2 mugaz gaindiko proiektuaren baitan dago, Aurizko Udalak gidaturik, eta hiru erakunde dira bazkide, hala nola Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/Birdlife), Ligue de Protection des Oiseaux (LPO Aquitaine), eta Nafarroako Gobernua, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoaren bidez (GAN-NIK). Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2k bertzelako helburuak ere baditu: kiropteroak (saguzarrak) aztertzea, ingurumen-heziketa bultzatzea eta ekoturismoa sustatzea, 2016., 2017. eta 2018. Urteetan, hain zuzen ere.

Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.