Miru beltzak eta zapelatz liztorjaleak gehien begiztatu diren espezieak izan dira

Lindus eta Organbidexka lepoetan eta Somport eta Portalet mendateetan kokatutako behatzaileek, guztira, 72.373 hegazti begiztatu dituzte abuztuan. Espezie ugariena miru beltza izan da (Milvus migrans), 38.382 ale ikusi baitituzte, eta ondoren zapelatz liztorjalea (Pernis apivorus), 27.395 alerekin, eta sorbeltz arrunta (Apus apus) egon dira, 10.932 alerekin.

Organbidexkan (Larrau, Akitania Berria), 29.601 hegazti monitorizatu dira, 33 espezietakoak, abuztuan zehar. Lehen hamabostaldian, miru beltzak izan dira protagonistak, nahiz eta egia den baldintza meteorologikoak ez direla aldekoak izan espezie hau igarotzeko. Abuztuaren 6a izan zen miru beltz gehien igaro zen eguna, izan ere, 4.567 ale igaro baitziren lepoaren gainetik hegan egiten. Beste alde batetik, begiztatu diren zapelatz liztorjalearen 10.821 aleak,  1.263 amiamokoak eta  1.038 enara azpizuriak nabarmendu behar dira. Intereseko beste espezie batzuk direla-eta, Organbidexkako boluntarioek eta ornitologoek Eleonor belatzaren hiru ale (Falco Eleonorae), arrano sugezaleak (Circaetus gallicus), arrano arrantzaleak (Pandion haliaetus) eta belatz gorriak (Falco tinnunculus) ikusi ahal izan zituzten.

Aragoiko Portalet eta Somport mendateetan, 34 espezietako 31. 416 hegazti ikusi zituzten. Miru beltza abuztuko protagonista handietako bat izan zen. 2017ko datuak aintzat hartuta, igarotzea bi aste atzeratu da, eta ale kopuru handiena uztailaren 29a eta abuztuaren 11 artean erregistratu da. Hain zuzen, abuztuaren 11 hori izan zen espezie horretako ale gehien igaro zen eguna, guztira 4.279 ale begiztatu baitzituzten Somporten eta 3.195 ale Portaleten. Erabateko ikuskizuna izan zen, Canfranceko Udalak eta Espainiako Ornitologia Elkarteak (SEO/BirdLife) Lindus 2 proiektua ezagutarazteko antolatu zuten ekitaldian parte hartzeko Canfrancera joan ziren pertsonek bertatik bertara ikusteko aukera izan zutena.

Gainerako espezieak direla-eta, sorbeltz arrunten eta enara azpizurien (Delichon Urbicum) kopuru txikiagoa ikusi da. Zenbatutako 8.219 sorbeltz arrunten %82k uztailaren 26a eta abuztuaren 3a artean zeharkatu dituzte Portalet eta Somport mendateak, eta egun horien artean uztailaren 31 nabarmendu behar da, 3.624 ale begiztatu baitziren. Bere aldetik, 6.314 enara azpizurik zeharkatu zituzten Huescako mendateetako zeruak abuztuaren 27an, abuztu osoan erregistratutako kopuru handiena.

Horrez gain, hauek guztiak ikusi ahal izan dira: zapelatz liztorjaleak, arrano sugezaleak, zapelatz arruntak (Buteo buteo), amiamoko zuriak (Ciconia ciconia), kaioak (Laridae), zingira-mirotzak (Circus aeruginosus) eta mirotz urdinaren aleren bat (Circus pygargus), zuhaitz-belatzak eta arrano arrantzaleak. Gainera, bi aldiz ikusi zen sai beltza (Aegypius monachus), ziur asko ale berbera, Espezie Mehatxatuen Katalogo Nazionalean sartuta dagoen espezie bat.

Nafarroako Lindus lepoan (Nafarroa, Akitania Berria), abuztuaren 1a eta 31 artean, guztira, 11.587 hegazti monitorizatu ziren, 42 espezietakoak. Espezie ugariena  zapelatz liztorjalea izan zen (6.397),  eta haren ondotik  sorbeltz arrunta (1.685) eta amiamoko zuria (1.216) egon ziren. Kopuru horiei amiamoko beltzaren 79 ale (Ciconia nigra), mirotz urdinaren 31 ale eta arrano arrantzalearen 14 ale (Pandion haliaetus) gehitu behar zaizkie.

Abuztuaren 27a zapelatz liztorjalearen ale gehien igaro zen eguna izan zen (1.673), eta haren ondotik abuztuaren 26a, 1.229 alerekin.

Era berean, kopuru txikiagoetan, interes handiko beste espezie batzuk ere ikusi ahal izan ziren, hala nola gabiraiak (Accipiter nisus), 22 alerekin, eta gauza bitxiak, adibidez, mirotz lepazuriaren ale bat (Circus macrourus). Horrez gain, bertako espezie berezi eta bakanak ere begiztatu ziren, besteak beste, ugatza (Gypaetus barbatus) eta okil beltza (Dryocopus martius).

Mugaz gaindiko lankidetza ekimena

Hegazti migratzaileen gaineko lan hori Lindus 2 mugaz gaindiko proiektuaren baitan dago, Aurizko Udalak gidaturik, eta hiru erakunde dira bazkide, hala nola Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife),Txoriak Babesteko Liga (LPO-Aquitaine), eta Nafarroako Gobernua, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoaren bidez (GAN-NIK). Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2k bestelako helburuak ere baditu: kiropteroak (saguzarrak) aztertzea, ingurumen-heziketa bultzatzea eta ekoturismoa sustatze, betiere 2016., 2017. eta 2018. urteetan.

Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.