Mugaz gaindiko proiektua bukatzeko ekitaldia Aurizko Kultur Etxean eginen da azaroaren 27an, eta hainbat adituk txostenak emanen dituzte hegazti migratzaileen portaeraz eta klima-aldaketak Pirinioetan duen eraginaz.

 

Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuak aztergai darabil hegazti migratzaileek zer-nolako migrazioa egiten duten mendebaldeko Pirinioetan, eta bukaerako jardunaldia eginen du azaroaren 27an, asteartearekin, Aurizko Kultur Etxean. Proiektuko bazkideen ordezkariaz gain, ekitaldian huraxe finantzatu duten erakundeen ordezkariak ere izanen dira, bai eta Garraldako Bigarren Hezkuntzako ikasleak ere.

Proiektuko bazkideek zehatz-mehatz azalduko dute zer ekintza egin dituzten proiektuaren barnean migrazioa aztertzeko, bai eta ingurumen-heziketan, boluntariotzan, prestakuntzan, komunikazioan eta ekoturismoan ere. Hegaztietan aditua den Ana Bermejo biologoak Migrazioa eta klima-aldaketa gaiari helduko dio; eta Idoia Arauzo eta Juan Terrádez –Klima-aldaketaren Pirinioetako Behatokiko (OPCC) koordinatzailea eta ikertzailea- Klima-aldaketak Pirinioetan duen eraginaz mintzatuko dira.

Bertaratzen direnek, egunean zehar, “Euskal Mendia, zeru-lurren artean” erakusketa ikusiko dute. Migrazioari, hegazti migratzaileei eta Pirinioetako migrazioaren azterketari  buruzko erakusketa da.

Lindus 2: mugaz gaindiko lankidetza proiektua

Aurizko Udalak gidatzen du Poctefa Lindus 2 mugaz gaindiko proiektua, eta ekimenak hainbat bazkide ditu, hala nola SEO/BirdLife, Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Aquitaine) eta Nafarroako Gobernua,  GAN-NIK enpresa publikoaren bidez, eta Cederna Garalur erakunde elkartua da. Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2k kiropteroen (saguzarrak) azterketan ere badihardu, eta boluntariotza nahiz ingurumen-hezikleta bultzatu, eta  ekoturismoa sustatu ditu 2016, 17 eta 18an.

Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.

Jardunaldiaren egitaraua

CLAUSURA LINDUS eus