Espezie horretako 17.500dik gora ale monitorizatu zuten irailean, Lindus 2 proiektu europarraren bitartez, Organbidexka, Lindus, Portalet eta Somport behatokietatik
Irailaren 1etik 30era 47.028 izan ziren zenbaturiko hegaztiak. Espezierik ugariena enara arrunta (Hirundo rústica) izan zen, 17.663 ale zenbatu baitzen, eta enara azpizuria (Delichon urbicum), 8.358 ale, eta miru gorria (Milvus milvus), 4.211 ale, izan ziren hurrengoak.
Iraileko lehen egunetan eguraldia lagun izan ez arren, Organbidexka lepoan, Lindus mendian eta Somport eta Portalet mendateetan jarririko behatzaileek ongi ordaindurik ikusi zituzten irailaren bigarren hamabostaldiko beren ahalegina eta irmotasuna, zeren irailaren 20tik 29ra bitartean kopururik handienak erregistratu baitziren.
Organbidexkan (Akitania Berria) 24.740 izan ziren irailean monitorizaturiko hegaztiak. Gehien ikusi zen espeziea enara arrunta izan zen, 9.779 ale, eta hurrengoak miru gorria (2.487) eta txoloma (654) izan ziren. Espezie jarioa hil osoan zehar etengabea izan bazen ere, migrazio paserik handieneko egunak irailaren bigarren hamabostaldian gertatu ziren. Zehazki, irailaren 23an 6.375 hegazti eta irailaren 19an 2.275 begiztatu zituzten.
Aragoiko Portalet eta Somport mendateetan, migratzen ari ziren 30etik gora espezieetako 14.849 hegazti behatu zuten. Espezierik ugarienak enara azpizuria (6.492 ale), enara arrunta (6.457 ale) eta miru gorria (453) izan ziren. Bestalde, handiak izan ziren beste kopuru batzuk: liztorjale europarrarena (394 ale, hilaren lehen hamabostaldian batez ere ikusita), 99 amiamoko beltz, 57 miru beltz, 78 gabirai arrunt, 22 zapelatz arrunt, 15 arrano txiki, 27 sugezale europar eta 25 belatz gorri. Neurri txikiago batean behatu eta monitorizatu dira beste espezie batzuk: haitz-enara, uhalde-enara, belatz europarra, mendebaldeko zingira-mirotza, larre-buztanikara, buztangorri argia, buztanzuri arrunta eta garraztarroa, besteak beste. Horrez gain, kurriloaren (irailaren 20an) eta ubarroi handiaren (irailaren 28an) lehen saldoak behatu ziren.
Garai berean, Lindus mendian (Nafarroa – Akitania Berria), 54 espezietako 7.439 hegazti izan ziren monitorizaturikoak, 27 egun baliodunetan, ikuspen onekoetan alegia. Espezierik ugariena enara arrunta izan zen, 1.427 hegaztirekin, eta haren atzean miru gorria 1.271rekin, uhalde-enara 748rekin eta ubarroi handia 730 hegaztirekin nabarmendu ziren. Gainera, interes handiko beste espezie batzuk behatu ahal izan ziren, kopuru txikiagotan, hala nola amiamoko zuria eta amiamoko beltza, 167 eta 282 ale, belatz hankagorria, mirotz lepazuria eta arrano pomeraniarra. Espezie egoiliar berezi batzuk ere zenbatu ziren, ugatza eta okil gibelnabarra esaterako. Irailaren 20a migrazio paserik handienekoa izan zen: 1.234 enara arrunt. 28an eta 23an 248 eta 249 miru gorri zenbatu zuten, hurrenez hurren.
Lindus 2ren barneko begiztaldirako azken zatia
Hegaztiek, ezteien ondoren, mendebaldeko bidean zehar egiten duten migrazioaren azterketaren bigarren kanpainak bere azken txanpari ekin dio, begiztaldia datorren azaroaren 14an bukatuko da eta. Kanpaina hori mugaz gaindiko lankidetzako Lindus 2 proiektuan kokaturik dago; proiektuak Aurizko Udala du buru eta Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Txoriak Babesteko Liga (LPO-Aquitaine) eta, GAN-NIK empresa publikoaren bidez, Nafarroako Gobernua ditu lankide.
Hegazti migratzaileen ikerketarekin batera, Lindus 2k kiropteroen (saguzarrak) monitorizazioa, ingurumen hezkuntza eta ekoturismoaren bultzada ditu xede. Proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) %65ean finantzatzen du Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez.