Asteburuan ekitaldi aunitz antolatuko dira Lindus mendian, Organbidexkako lepoan, Irunberriko Arroilan, eta Portalet nahiz Somport mendateetan.
Urriaren 6an eta 7an, hegaztiekin loturiko ekitaldiak eginen dira Mendebaleko Pirinioetan, guztiak ere Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren baitan antolatuak, Hegaztien Nazioarteko Egunaren nahiz Migrazioaren Europako Jardunaldien karira.
Espainiako Ornitologia Elkarteak (SEO/Birdlife), zehazki, hegaztiak behatzeko ekitaldiak eskainiko ditu, adituek gidatuta, urriaren 7an, igandearekin, Portalet eta Somport mendateetan (Huesca), hau da, Lindus 2 proiektuaren barnean Aragoin hegaztiak zenbatzen diren mendi-lepoetan.
Bertzalde, Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) Hegaztiak Babesteko erakunde bat da, Akitaniakoa, eta hilaren 6an nahiz 7an, ornitologiari buruzko informazioa ematen duen Iratiko Ornitho Txaleta zabalduko du goizez. Handik, bisitariek hurbil dagoen Organbidexkako lepora joateko aukera izanen dute, hegan ari diren hegaztiak adituek lagundurik ikusteko. Era berean, erakunde bereko bertze ornitologo batek bisitariak hartuko ditu Lindusen, mendiak toki hartatik gurutzatzen dituzten hegaztiak ikusteko. Lepo hori Auritz ondoan dago eta Donibane Garazitik 30 kilometrora.
Halaber, Irunberriko Arroilen Interpretazio Zentroan bi ekitaldi eskainiko dira Lindus 2 proiektuaren baitan. Horrela, urriaren 6an, larunbata, hegazti migratzaileei buruzko ginkana bat eginen da, 10:00etatik 12:45era, eta biharamunean, berriz, hegaztiei lotutako eskulan tailerra, Zentroan berean, 11:00etatik aitzina.
Hegaztien Nazioarteko Eguna Birdlife International erakundeak bultzatua da, herritarren artean hegaztiak ezagutzera emateko. Europan, Migrazioari buruzko Jardunaldiak ere eginen dira (EuroBirdwatch). Aurtengoa, zehazki, jardunaldien 25. aldia izanen da.
50.000tik gora hegazti migratzaile zenbatu dira irailean, eta lehen kurriloak pasatu dira
Irailean, 52.807 hegazti migratzaile zenbatu dira mendebaldeko Pirinioetan, Interreg POCTEFA Lindus 2 izeneko mugaz gaindiko lankidetza ekimenaren bitartez. Programa, zehazki, Pirinioetako lau mendate/lepotan egiten ari da, Nafarroan, Akitania Berrian eta Huescan, hain zuzen. Irailean, era askotako espezieak igaro dira; haien artean nabarmentzekoa da zenbat zapelatz liztorjale (Pernis apivorus) pasatu diren; tamaina erdiko harraparia da eta intsektuak jaten ditu. Halaber, enaren (Hirundo rustica) kopurua da azpimarratzekoa.
Organbidexkako lepo gainean, 40 espezietako 14.637 hegazti ikusi dira. Hainbat egunez lainoa nagusi izan ondoren, irailaren 8a egun ona izan zen zinez. Izan ere, bertzeak bertze, 2.000 zapelatz liztorjale baino gehiago ikusi baitziren, bai eta ugatz (Gypaetus barbatus) bat ere, zeruan luzaroan hegan. Hilaren 16an eta 17an, ubarroi handi (Phalacrocorax) eta zikoina beltz aunitz (Ciconia nigra) pasatu ziren; azken horiek saldo handitan biltzen dira urte sasoi honetan harrapariengandik babesteko. Irailaren 25a ere migrazio egun ederra izan zen, aunitz ikusi baitziren bai arrano txikiak (Hieraetus pennatus), bai zikoina beltzak, bai miru gorriak (Milvus milvus). Hilean barna ere bertzelako hegaztiak pasatu izana nabarmendu behar da, hala nola arrano arrantzalea (Pandion haliaetus) eta erletxoria (Merops apiaster) esaten zaion txoritxo ikusgarria.
Lindus eta Trona mendietako behatzaileek 59 espezietako 8.316 ale zenbatu dituzte. Espezierik ugariena erletxoria izan da (1.976 ale; eta gero, enara (1.422) eta ubarroi handia (1.049); azken hori ugari pasatu zen benetan irailaren 27an. Irailean ere bertzelako espezieak izan dira ugari, hala nola miru gorria, zikoina beltza eta zuria, eta enara azpizuria (Delichon urbicum). Intereseko bertze espezie batzuk ere ikusi dira, baina aleetan urriago, hala nola belatz hankahoria (Falco verpertinus), Eleonor belatza (Falco eleonorae), mirotz lepazuria (Circus macrourus) eta sai motza (Aegypius monachus).
Portaleten eta Somporten, erletxoria izan zen nagusi lehen hamabortzaldian. Lindus 2ko aitzineko bi denboraldietan baino beranduxeago gurutzatu zuen zerua, baina aurreko urteetan baino ale gehiago izan ziren (1.486 ale, 2018an). Irailean bertze espezie batzuk ere aritu dira hegan Aragoiko mendi-lepoen gainetik; adibidez, sorbeltz arrunta (Apus apus) eta enara azpizuria. Bi hegazti horien populazioak beheiti doaz Europa guztian, eta aitzineko bi denboraldietan baino ale gutxiago zenbatu dira. Halaber, 18.814 enara aritu dira hegan, hau da, aurreko bi denboraldietan baino bi aldiz gehiago. Iraileko azken egunetan, bertzalde, azken zikoina beltz, arrano sugezale eta zuhaitz-belatzak (Falco subbuteo) pasatu dira. Egun horietan beretan, halaber, miru gorri gehiago pasatu dira, bai eta ubarroi handi, zingira-mirotz (Circus aeruginosus) eta negu-txirta (Anthus pratensis) gehiago ere, bertze espezie batzuen artean.
Hala Lindusen nola Portaleten, irail akaberan lehen kurrilo edo lertsun taldeak ikusi dira. Lindusen, zehazki, 70 alez osatuko talde bat, eta Portaleten, berriz, sei kurrilo hilaren azken egunean.
Mugaz gaindiko lankidetza proiektua
Hegazti migratzaileen gaineko lan hori Poctefa Lindus 2 izeneko mugaz gaindiko proiektuaren baitan dago, Aurizko Udalak gidaturik, eta hiru erakunde dira bazkide: Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/Birdlife), Ligue de Protection des Oiseaux (LPO Aquitaine), eta Nafarroako Gobernua, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoaren bidez (GAN-NIK). Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2k bertzelako helburuak ere baditu: kiropteroak (saguzarrak) aztertzea, ingurumen-heziketa bultzatzea eta ekoturismoa sustatzea, betiere 2016., 2017. eta 2018. urteetan.
Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.