Auritzen,berriz ere, ornitologia eta ekoturismo jardunaldia eginen da irailaren 24an

Heldu den igandean, irailaren 24an, ornitologia eta ekoturismo jardunaldia eginen da Auritz inguruan, Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuak bultzatua. Hegazti migratzaileak behatu, ingurumen hezkuntza bultzatu eta ekoturismoa Pirinioetako mugan sustatzeko proiektua da, hain zuzen. 

Ekitaldi sorta ederra eginen da “Hegaztiak, klima-aldaketaren adierazle” lelopean, inguru horretan hegazti migratzaileak behatzeko egiten den jarduera bisitari eta bertako herritarrei azaltzeko, leku horretako natur ondarea erakusteko eta ekoturismoa sustatzeko. Horrez gain, oraingo honetan, Pirinioetako Lan Elkarteak igandeko ekitaldia aukeratu du Europako Lankidetza Egunaren programan sartzeko. Erakunde horretako kide dira Frantziako Akitania Berria eta Okzitania eskualdeak, Espainiako  Katalunia, Aragoi, Nafarroa eta EAE autonomia erkidegoak, eta Andorrako Estatua.

Europako Lankidetza Eguna

Europako Lankidetza Eguna 2012az geroztik ospatzen da, mugaz gaindiko lankidetza programek Europako 30etik gora herrialdetan garaturiko jarduera erakusteko. Horrela, “Sharingborders, growingcloser” lelopean (mugak partekaturik, elkarrekin hazita), datozen egunotan hamaika ekitaldi eginen dira Europa guztian, hala nola kontzertuak, atari zabaleko kirol jarduerak, argazki lehiaketak, eko-gastro jaialdi bat edota odol emate bat.

Aurizko jardunaldia ekitaldi horietako bat izanen da. Beraz, horrek erran nahi du aintzat hartu dela Lindus 2ren bitartez egiten den lanaren balioa, hots, eztei ondoko hegazti migrazioa aztertzeaz gain, kiroptero edo saguzarren monitorizazioa egiten da, ingurumen hezkuntza eta ekoturismoa bultzatzearekin batera. Aurizko Udala da mugaz gaindiko proiektu honen gidaria, eta hainbat bazkide ditu, hala nola Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Liguepourla ProtectiondesOiseaux (LPO-Aquitaine) erakundea eta Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du,  Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).

Ibilbideak, behaketak eta mugikortasun elektrikoa

Hilaren 24ko ekitaldiak goizeko 9:00etan hasiko dira Auritzen, ibilbide gidatua izanen baita Ibañetatik Lindus eta Trona mendietaraino, bi inguru horietan hegazti migratzaile aunitz metatzen baitira. Ibilbideak 12:30era arte iraunen du, eta ibilian, jendeak hegazti pasa ikusteko aukera izanen du, eguraldiak laguntzen badu. Bertzalde, hamaiketakoa hartzeaz gain, Lindusen postu bat paratuko da Europako lankidetza zertan den azaltzeko.

Mugikortasun elektrikoa ere izanen da ardatz igandeko ekitaldien artean, Europako Mugikortasun Asteari begi-keinu bat egiteko. Goizeko 11:00etatik 13:00etara, bizikleta, moto eta auto elektrikoak (Bultaco, Renault) izanen dira jendearen eskura Auriztik Jauregiaroztegiko hezegunera bitarte; leku hori herritik ehunka metrora dago. Haurrek, gainera, bizikleta elektrikoak izanen dituzte eskura, antolatzaileek doan jarrita.

Jauregaroztegi hegazti migratzaileendako atseden tokia izaten da, eta bi ekitaldi eginen dira. Batetik, 10:00etatik 14:00etara, hegaztiei eraztunak era zientifikoan paratzeko erakustaldia, eta bertzetik, hezeguneko intsektu kopuru handia baliatuko da odonatoak ikusteko (burruntziak eta txitxi-burruntziak). 11:00etatik 14:00etara, espezie horietako aleak harrapatu, identifikatu eta berriz ere askatuko dituzte.

Ekitaldi guztietan jende aditua arituko da bisitariei behar bezalako azalpenak emateko.

Behatzaileak Lindusen (2017ko iraila).

Eguna iragartzeko kartela.