Hirugarren denboraldia uztailaren 13an hasiko da Somport eta Portalet mendateetan (Huesca), eta uztailaren 15ean, bai Lindus mendian (Nafarroa- Nafarroa Beherea), bai Organbidexkako lepoan (Larrañe, Akitania Berria).

Mugaz bi aldeko behatzaileek mendebaldeko Pirinioetako bidea erabiltzen duten hegaztien eztei ondoko migrazioa aztertzeari berrelduko diote uztail erdian. Ekintza Lindus 2 mugaz gaindiko proiektuaren baitan dago.

Behaketak, zehazki, uztailaren 13an hasiko dira Somport eta Portalet mendateetan, eta uztailaren 15ean, berriz, Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beherearen arteko mugan dagoen Lindus mendian, bai eta Organbidexkan ere. Denboraldia urriaren 31n bukatuko da Aragoiko mendateetan, eta azaroaren 15ean, Lindusen eta Organbidexkan.

2017an,  650.000 hegazti migratzaile baino gehiago zenbatu zituzten mendebaldeko Pirinioetan. Iazko denboraldian, inoiz baino zikoina beltz eta zuri nahiz miru gorri gehiago ikusi ziren, eta sorbeltz arrunta kopuru nabarmena ere pasatu zen.

Ornitologoez eta hegaztien behaketan aditua den jendeaz gain, mugaz bi aldeko boluntarioak arituko dira behaketan eta hegazti migratzaileen gaineko datuak erregistratzeko lanetan. Pirinioetako mendateetako Boluntariotza Ornitologikoa 2018 deialdian izena emandako boluntarioak dira, proiektuko hiru bazkideek abian jarritakoa. Hona hemen: Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/Birdlife), Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoa (GAN-NIK) eta Ligue de Protection des Oiseaux (LPO Aquitaine). Boluntarioak legenago edo geroago hasten dira lanean, tokiaren arabera.

Mugaz gaindiko lankidetza ekimena

Hegazti migratzaileen gaineko lan hori Lindus 2 mugaz gaindiko proiektuaren baitan dago, Aurizko Udalak gidaturik, eta hiru erakunde dira bazkide, hala nola Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Txoriak Babesteko Liga (LPO-Aquitaine), eta Nafarroako Gobernua, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoaren bidez (GAN-NIK). Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2k bestelako helburuak ere baditu: kiropteroak (saguzarrak) aztertzea, ingurumen-heziketa bultzatzea eta ekoturismoa sustatze, betiere 2016., 2017. eta 2018. urteetan.

Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.