Berrogeita hamar lagun bildu ziren atzo ornitologia eta ekoturismo jardunaldian, Lindus 2k bultzaturik, hau da, hegazti migratzaileak behatu, ingurumen hezkuntza bultzatu eta ekoturismoa Pirinioetako mugan sustatzeko lankidetza proiektuak bultzaturik. Egitasmoan kide dira LPO Aquitaine, Seo BirdLife Aragón, Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez, eta Aurizko Udala. Pirinioetako Lan Elkarteak jardunaldi hori aukeratu zuen Europako Lankidetza Eguna ospatzeko

Aurten, Pirinioetako Lan Elkarteak Lindus 2 proiektua aukeratu du Europako Lankidetza Eguna ospatzeko. Erakunde horretako kide dira Frantziako Akitania Berria eta Okzitania eskualdeak, Espainiako  Katalunia, Aragoi, Nafarroa eta EAE autonomia erkidegoak, eta Andorrako Estatua. Jean-Louis Valls Pirinioetako Lan Elkarteko burua Auritzen izan zen atzo. Gogora ekarri zuen 27 urte joan direla Espainiak, Frantziak eta Andorrak mugaz gaindiko lankidetzari heldu zionetik, eta helburua muga fisikoak desagertzea izan behar dela erran zuen. Halaber, Lindus proiektuaren jarraipena nabarmendu zuen, “ez bakarrik, hegaztiak behatzea arras tresna garrantzitsua delakoz klima-aldaketa aztertzeko, baizik eta gizartean ingurumen-hezkuntza sustatu behar delakoz”.

Aurizko alkate Luis de Potestadek, bere aldetik, horrelako jardunaldien garrantzia azpimarratu zuen, “zeren, aukera ematen baitu bisitariei eta hemengo jendeari erakusteko Lindusen egiten den hegazti behaketa, bai eta Pirinioetako zoko honetako natur ondarea ere”.

Ibilaldia eta behaketa

“Hegaztiak, klima-aldaketaren adierazle” lelopean, hasteko eta bat, ibilbide gidatua egin zen Ibañetako gainetik Lindus eta Trona mendietaraino, eta berrogeita hamar bat lagun elkartu ziren. Hegaztiak behatzeko lekura iritsi baino lehen, jendea Lindusen paraturiko postuan gelditu zen, Europako lankidetza zertan den jakiteko eta Lindus 2ri buruzko argibidea jasotzeko; hots, mugaz gaindiko lankidetza proiektu bat da hegazti migratzaileak behatzeko, ingurumen hezkuntza sustatzeko eta ekoturismoa bultzatzeko. Gainera, hamaiketakoa eman zitzaien, bai eta proiektuari loturiko materiala ere.

Ondoren, Trona mendira igo, eta Gabi Berasategui ornitologoak labur azaldu zien zer lan egiten den hegaztiak zenbatzeko eta zer espeziek gurutzatzen dituzten Lindus eta Trona mendiak.

Hegaztiak behatzeaz gain, beste bi jarduerak piztu zuten jendearen interesa; batetik, hegaztiei eraztunak era zientifikoan paratzeak, eta bertzetik, odonato behaketak (burruntziak eta txitxi-burrunyziak), biak ere Jauregiaroztegiko hezegunean eginak.

Ornitologia eta ekoturismo jardunaldiaren osagarri, hainbat gauza egin ziren, hala nola azienda azoka bat, bigarren eskuko merkatu bat, eta artisautza eta elikagai azoka bat. Hortaz landara, Europako Mugikortasun Asteari begi-keinu bat egiteko, bizikleta elektrikoak jarri ziren doan bisitari eta auriztarren eskura herri inguruan ibiltzeko.

Europako Lankidetza Eguna

Europako Lankidetza Eguna 2012az geroztik ospatzen da, mugaz gaindiko lankidetza programek Europako 30etik gora herrialdetan garaturiko jarduera erakusteko. Horrela, “Sharing borders, growing closer” lelopean (mugak partekaturik, elkarrekin hazita), datozen egunotan hamaika ekitaldi eginen dira Europa guztian, hala nola kontzertuak, atari zabaleko kirol jarduerak, argazki lehiaketak, eko-gastro jaialdi bat edota odol emate bat.

Aurizko jardunaldia aukeratu dute ekitaldi horien artean. Beraz, horrek erran nahi du aintzat hartu dela Lindus 2ren bitartez egiten den lanaren balioa, hots, eztei ondoko hegazti migrazioa aztertzeaz gain, kiroptero edo saguzarren monitorizazioa egiten da, ingurumen hezkuntza eta ekoturismoa bultzatzearekin batera. Aurizko Udala da mugaz gaindiko proiektu honen gidaria, eta hainbat bazkide ditu, hala nola Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Aquitaine) erakundea eta Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).