EKOTURISMOA
Paisaia, mendi bazterrak, gastronomia, lasaitasuna, herri txikien xarma, ostalaritzan dagoen eskaintza zabala… Horra hor zergatik diren Pirinio Atlantikoak toki zoragarria atseden hartzeko eta naturan jarduerak egiteko.
Lindus proiektuak izadiaren aberastasuna erakutsi nahi dio jendeari, hemengo bazterrak turismo ornitologikoaren helmuga izan daitezen. Hau da, birding zaleak eta, oro har, bisitariak erakarri nahi ditugu, hegaztiak ikustearekin batera, bestelako turismo-jarduerak ere goza ditzaten.
Asmo horrekin, proiektuak estrategia bateratu bat abiaraziko du ekoturismoa Auritz aldeko mugaldean bultzatzeko. Akitaniako LPO erakundeak Iratiko lurraldean (Zuberoan) duen esperientzia jarriko du ekimenaren zerbitzuan. Estrategia horri esker, Auritzen eginen dira ekoturismoaren oinarriak finkatuko dituzten lehen jarduerak. Lehenik eta behin, herriko eragileei proiektua azaldu eta prestakuntza emanen zaie. Honatx eragileak: ostalaritza, gidariak, turismo bulegoak, teknikariak eta udal politikariak… Gero, estrategian oinarrituriko lehen ekoturismo ekimenak garatuko dira.
Ekoturismoan oinarrituriko eskaintza bat landu nahi dugu, biodibertsitatea babesteko lanei eta jarduera zientifikoei lotutakoa. Horrekin bat, turismo eta aisia arloko jarduerak gauzatu nahi ditugu bazter horien ororen natura eta kultura baliosak erakusteko.