LURRALDEA
Organbidexka
Somport
Portalet
Lindus
Lindus-2 mendebaldeko Pirinioetan garatzen ari da, mugaldean, hau da, Akitania Berriaren hegoaldean eta Nafarroako Foru Komunitatearen nahiz Huescako probintziaren iparraldean. Tartean Pirinio mendiak daude; mendebalderantz kaskoak 1.000 eta 1.500 metrokoak dira garaieran, eta Aragoiko gailurrak, berriz, 2.000tik gorakoak. Mendebaldean, pagadiak eta hariztiak dira nagusi, belaiekin batera, azienda bazkan aritzeko. Ekialdean, berriz, pagadia-izeidia da oihan motarik zabalena, bai eta pinu beltza ere; eta tontorrik garaienetan, harria.
Ikusgarria da zinez Lindus-2k bere baitan hartzen duen izadia, eta hainbat leku dira nabarmentzekoak, hala nola Iratiko Oihana, hau da, Europako pagadi-izeidirik zabalena eta hobekien kontserbatuena, Alemaniako Oihan Beltzaren ondotik; Pirinioetako Parke Nazionala ipar-isurialdean Aure eta Haut-Adour, Luz-Gavarnie, Cauterets, Azun, Ossau eta Aspe ibarretan barrena; eta Mendebaldeko Ibarren Parke Naturala, Veral, Aragón Subordán, Osia, Estarrún eta Lubierre ibaien goi-ibarrean.
Horra, beraz, lurralde handia, zabala eta askotarikoa. Hainbat mikroklima ditu, eta hamaika habitat animalientzat. Basoilarrak, hartz arreak, oreinak, saguzarrak, uhandreak eta beste espezie batzuek osatzen dute bazterrotako basa fauna. Halaber, badago azienda kopuru handia; horien artean, Auritz arrazako zaldi-azienda, bertakoa.
Naturaz gain, kultur aberastasun garrantzitsua aipatu behar da, Donejakue Bideko bi ibilbide nagusik zeharkatua, eta leku arras interesgarriak; besteak beste, Orreagako eliza-kolegiata eta Donibane Garaziko hiri harresitua.