Aurizko Kultur Etxean esperientziak elkarri azaldu zizkioten martxoaren 22an POCTEFA Lindus 2 proiektuak eta Tenza Ibarreko Toki Ekintzarako Taldeak (Kolonbia), talde horrek turismo ornitologikoa bultzatu nahi baitu toki garapenerako estrategia jasangarriaren barnean. Lehenik, Luis de Potestad Aurizko alkateak POCTEFA Lindus 2 proiektua aurkeztu zuen, hiru zutabetan oinarrituriko ekimena, alegia: hegazti migratzaileak ikusi eta zenbatzea, ingurumen-heziketa bultzatzea eta ekoturismoa sustatzea. Aurizko Udalaz gain, hona hemen bazkideak: Ligue pour la Protection des Oiseaux (Akitaniako lurralde ordezkaritza)Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/Birdlife) eta Nafarroako Gobernua, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoaren bidez, betiere.

GAN-NIKeko Carlos Astráinek eztei ondoko migrazioaren ezaugarriak azaldu zituen zehatzago, Pirinioetan barna egiten dena, bai eta Lindus 2 ekimenaren barnean burutzen ari den azterlana ere. Gabriel Berasateguik, berriz, bere enpresak (Ornitolan) eta Bizi Biziki-k Auritz aldean darabilten Ekoturismo estrategia izan zuen hizpide; herritarrek eta eragileek parte harturik egiten ari da. Cederna Garalur erakundea Lindus 2 proiektuan dago, eta haren izenean, Ibon Mimentza natur baliabideetan oinarrituriko garapen estrategiaz mintzatu zen. Horixe bera egiten ari da Kolonbiako taldea, hau da, tokian tokiko garapen osoan oinarrituriko proiektuak gidatzen ditu, tokian tokiko ekintzaileak sustatuta.

Aipatutako hizlariez gain, bertze ordezkari batzuk ere bertaratu ziren, hala nola Kolonbiako Tenza Ibarreko bi taldekide, Mario Barreto kudeatzailea eta David Aparicio koordinatzailea, Descubrir Fundazioko Eibar Algarra, eta Javier Velázquez, Eurodel International nafar aholkularitza enpresako zuzendaria, Tenza Ibarreko toki garapenean laguntza teknikoa eman duena