Interreg POCTEFA Lindus 2 proiektuko erakunde bazkide guztien ordezkari instituzionalak eta teknikariak Canfranceko Lurpeko Laborategian bildu ziren, joan den uztailaren 17an. Mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren hirugarren urtea da, eta Pirinioetako goi mendateetan hegaztiek egiten duten migrazioaren behaketa eta erregistroa du helburu nagusi. Horrez gain, kiropteroak (saguzarrak) monitorizatzeko lanak ere egiten dira, ingurumen-hezkuntza, boluntariotza eta ekoturismoaren aldeko ekintzekin batera.

Proiektuko bazkideak Aragoiko SEO/BirdLife, GAN-NIK (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa) –Nafarroako Gobernuko enpresa publikoa– LPO Akitania (Ligue pour la Protection des Oiseaux) eta Aurizko Udala (Nafarroa) dira, azken hori buru delarik.

Canfranceko bileran, bazkideek, besteak beste, uztailean hasi den landa-eremuko kanpaina izan zuten aztergai, eta horrekin batera, 2018ko aurreikuspena, etorkizuneko lan-ildoak, eta noraino bete diren bai ekintza aurreikusiak, bai finantza-proiektua; egungo datuen arabera, bere osoan beteko da.

Bileran ondorio nabarmenenak aipatu ziren, honatx:

  • Mendateen garrantzia hegaztien migrazio-pasabiderako eta zeinen potentzial handia duten hegaztiak behatzeko,
  • Eta behaketa guneen inguruko udalerriendako dagoen garapen aukera

Bazkideek proiektuaren ekintza zabaltzeko konpromisoa berretsi zuten, egungo POCTEFA epealdia bukatu eta gero.

Izan ere, azaro akaberan, proiektua ixteko ekitaldia egin, eta hiru urteko lanei dagozkien datuak eta ondorioak aurkeztuko dira, mendate bakoitzean zenbat hegazti eta zer espezie ikusi diren zehaztuta. Azken emaitza Lurraldea Balorizatzeko Mugaz Gaindiko Programa Integral bat izanen da, hiru arlootan; hegazti migratzaileen jarraipena, ingurumen-hezkuntza eta ekoturismoa.

Bilerara, honakoak bertaratu ziren: Asunción Ruiz, SEO/BirdLifeko zuzendari eragilea;  Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilaria; Andde Sainte-Marie, Akitania Berriko kontseilari erregionala; Olivier Le Gall,  LPO Akitaniako presidentea; Luis De Potestad Tellechea, Aurizko alkatea; eta anfitrioia, hau da, Fernando Sánchez, Canfranceko alkatea eta Huescako Probintzia Diputazioko diputatua. Huescakoa Lindus 2 finantzatzen duen erakundeetako bat da, beste entitate batzuekin batera. Horiez landara,  GAN-NIK enpresako zuzendaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, LPO Akitania entitatearen eta SEO/BirdLiferen ordezkariak ere bai.

Canfranceko Lurpeko Laborategia CSICen menpean dago eta “materia ilunaren” ikerketan da espezialista. Lindusko bazkideen bilera hartu zuen, Pirinioetako erakundeen arteko lankidetzaren baitan. Bitxikeria gisa, erran behar da ikerketa instalazioak 800 metroko sakoneran daudela harkaitz azpian, betiere SEO/BirdLifek lerrozuzenean Tobazo mendian duen ornitologia-behatokiaren azpian, Somporten (Huesca).

Bileraren ondotik hegazti migratzaileak behatzeko hainbat gune ikustera joan ziren, Somportera (Huesca).

Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.