Europako erdialdetik eta iparraldetik migrazioan heldu den saguzar kopuru handiak zeharkatu ditu Baztango mendi-lepoak, eta halaber, ugari ikusi dira saguzar espezie sedentario batzuk mendi horietan.

Datu hori eta bertze batzuk atera dira Juan Tomás Alcalde biologo eta kiroptero-aditua egiten ari den azterlanean, Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren barnean, Nafarroan saguzarren migrazioa zertan den jakiteko. Ekimen horretan partaide dira Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Délégation Territorial Aquitaine) erakundea, Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Nafarroako Gobernua, betiere Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) enpresa publikoaren bidez, eta Aurizko Udala. Proiektuaren barnean, saguzarrei lotutako alde teknikoa garatzen ari da 2016tik 2018ra, bi erakunderen zuzendaritzapean: GAN-NIK enpresa publikoa eta Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia, betiere Nafarroako Gobernuko Mendizaintzak lagundurik.

Bi lehen behaketa-denboraldietan, 6 mendi-lepotan atzeman dira migrazio-hegaldiak: Artesiagan, Urkiagan, Izpegin, Ibañetan, Gabarbiden eta Lizuniagan. Guztien artean, Izpegi da nabarmentzekoa, erregistraturiko mugimendu guztien % 40 izan baitziren. Orain arteko datuen arabera, iduri du Baztango mendi-lepo jakin batzuetatik sartzen direla saguzar migratzaileak Nafarroako alde honetara, eta ez horrenbertze, ordea, Kintotik eta Aldude aldetik. Hirugarren denboraldiko erregistroek egiaztatu beharko dute hipotesi hori.

Artesiagako lepoan ere saguzar hegaldi aunitz ikusi dira, baina hegaldi gehienak saguzar espezie sedentarioei dagozkie, ehizara joaten baitira, bazkalekuei eta aziendari lotutako intsektuek erakarrita, ziur aski. Lepo horretan, gutxienez, 12 saguzar espezie ikusi dira.

Saguzar migratzaile gehienak (% 89) gau-saguzar txikiak (N. leisleri) dira, hots, saguzar migratzaileen lau espezie bereizgarrietako bat, eta ondoren, alde handira, gau-saguzar handiak (N. lasiopterus) heldu dira (hegaldien % 3). Atzeman diren migrazio-hegaldi guztiak ale isolatuei dagozkie, bi grabazioetakoak izan ezik, bi bikote baitziren. Hortaz, badirudi migrazioa barreiatua dela, eta ez dela talde handietan egiten, hegazti aunitzek egiten duten bezala. Bertzalde, pasarik handiena agorrilaren hondarretik irailaren lehen hamabortzaldira bitarte izaten da.

Ezagutza handiagoa hobeki kontserbatzeko

Nafarroa animalia migratzaile aunitzen pasa lekua da. Kumeak Europako erdialdean eta iparraldean hazi ondoren, latitude apalago eta epeletara jaisten dira, negu pasa. Talde ugariena eta ezagunena hegaztiena da, baina bertze animalia talde batzuek ere antzeko migrazioak egiten dituzte; saguzarrek eta intsektuek, adibidez.

Saguzarren migrazio-mugimenduak, ordea, oso ezezagunak zaizkigu oraindik ere, berez zaila baita animalia horiek aztertzea, gauez baizik ez baitute hegan egiten eta, gainera, leku ezkutuetan babesten dira. Datu gutxi ditugu Europa aldetik Iberiar Penintsulara egiten duten migrazioaz (hona, hibernatzera etortzen baitira). Datu gehienak eraztunen bidez lortu dira, bai eta aleak berreskuratuz ere. Nafarroan, aterpe-kaxak azterturik, badakigu eme migratzaileak irailean iristen direla, eta horrek erran nahi du badirela Nafarroan hibernatzen duten saguzarrak, ipar Europatik etorrita.

Animalia horien migrazio-bideak hobeki ezagutze aldera eta bide horiek hobeki kontserbatze aldera,  Lindus 2 saguzarren jarduera erregistratzen ari da nafar Pirinioetako lepoetan, metodologia berria erabilita: bideo-kamera infragorri-termikoa, ultrasoinu detektagailu batekin. Lehenak hegaldiaren ibilbidea identifikatzeko aukera ematen du; bigarrenak, berriz, espeziea identifikatzen du haren ultrasoinuen bitartez. Azken horri esker, jakin daiteke zein saguzar heldu den migrazioan; zein, ehizara; eta zein ari diren araldian.

2016ko migrazio-denboraldian, 12 lepotan hartu ziren laginak eta, datuotan oinarriturik, 2017an haietako batzuetan ere eginiko behaketan; beste mendi-lepo batzuk, ordea, baztertu ziren, ez baitzen migrazio-jarduerarik batere ikusi, eta bertze lepo batzuetan ere ezarri ziren tresnak.

Era osagarrian, 2017an, halaber, aterpe-kaxetan aurkitutako 10 saguzar migratzaileri irrati-emisoreak paratu zaizkie, haien portaera aztertzeko. Mendizaintzako langileek lagundurik, haietako bi aurkitu dituzte: orain, bi eme Irunberriko eta Arbaiungo Arroiletan hibernatzen ari dira.

Saguzarren migrazio-bideak sakonago ezagutzeari esker, haien pasa lekuak hobeki babestuko ditugu. Adibidez, leku horietan ez da parke eolikorik paratuko, kiroptero ale aunitzen heriotza eragiten baitute. Era berean, espezie sedentarioen datuak arras baliagarriak izanen zaizkigu haien habitatak zaintzeko.

Hegaztiak, saguzarrak, ekoturismoa eta ingurumen-hezkuntza

Nafarroan saguzarrak monitorizatzeaz landara, Lindus 2 proiektuak betzelako eginkizunak ere baditu, hala nola hegaztien eztei ondoko migrazioa aztertzea mendebaldeko migrazio-bidean, eta ingurumen-hezkuntza nahiz ekoturismoa bultzatzea. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).