550.000 hegazti migratzailek baino gehiagok zeharkatu dute Lindus eta Organbidexka, 2016an
Behatzaileek 550.000tik gora hegazti migratzaile ikusi dituzte pasan Lindusko eta Organbidexkako lepoetan, hegaztien jarraipena egiteko mugaz gaindiko Lindus-2 proiektuaren baitan.
Lindusko lepoan, LPO Aquitaine (Frantzia) eta GAN-NIK (Nafarroa) erakundeetako ornitologoek (boluntarioek lagundurik), 83 espezietako 402.340 hegazti migratzaile zenbatu dituzte abuztuaren 1etik azaroaren 16ra bitarte egindako jarraipenean. Gehienak usoak izan dira, 300.000 inguru, eta gero, kurrilo arruntak, 53.781 ale. Harraparirik ugarienak zapelatz liztorjalea (4.997), miru gorria (4.699), miru beltza (1.741) eta zikoina zuria (1.591) izan dira.
Organbidexkako lepoan, LPO Aquitaine-ko ornitologoek eta boluntarioek jarraipena egin dute uztailaren 15etik azaroaren 12ra. Guztira, 82 espezietako 167.432 ale ikusi dituzte. Besteak beste, LPOko ornitologoek 43.732 harrapari zenbatu dituzte; gehienbat, miru beltza (21.169) eta zapelatz liztorjalea (13.513). Halaber, arrano txikiak (209), arrano sugezaleak (249) eta miru gorriak (5.930) dira nabarmentzekoak. Ustekabeak ere izan dira, hala nola iberiar eguzki-arrano gazte bat, elano urdin batzuk, zingira-hontz bat, mokozabal bat kurrilo saldo baten erdian, txiri lepokodun bat, eta espezie berri bat mendi-lepoan, txio marrabikoa.