2017/07/21 | BERRIAK
Zehazki, joan den uztailaren 15ean abiarazi zen. Orain arte ikusitako hegazti gehienak miru beltzak, sorbeltz arruntak eta enara azpizuriak izan dira
Hasia da hegaztien migrazioari buruzko datuak biltzeko bigarren denboraldia ohiko tokietan; hau da, Organbidexkako (Akitania Berria) eta Lindusko (Nafarroa) lepoetan, eta Huescako Somport eta Portalet mendateetan. Lindus 2 ekimeneko ekintzetako bat da, Pirinioetako mugaldean hegazti migratzaileak behatzeko, ingurumen heziketa sustatzeko eta ekoturismoa bultzatzeko. Poctefa proiektuaren barnean dago. Hainbat erakunde dira partaide, hala nola Aurizko Udala, LPO (Ligue pour la Protection des Oiseaux), Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife) eta GAN-NIK Nafarroako Gobernuko enpresa publikoa (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa S.A.).
Mugaz bi aldeetako behatzaileak iragan uztailaren 15ean hasi ziren hegaztiak zenbatzen, eta irailaren 14ra arte arituko dira.
Aste honetan zehar, hegazti aunitz ikusi dituzte; miru beltzak, sorbeltz arruntak eta enara azpizuriak, bereziki. Lindusko lepoan, erraterako, uztailaren 15etik 19ra, 443 miru beltz, milaka sorbeltz arrunt eta ehunka enara azpizuri, eta era berean, mendebaldeko 3 zingira-mirotz, 2 zikoina beltz, 2 mirotz urdin eta 3 zapelatz liztorjale. Hegaztirik gehien uztailaren 17an ikusi ziren, 248 miru beltz, hain zuzen.
Organbidexkako lepoan, behatzaileek eta boluntarioek 7.000tik gora hegazti ikusi dituzte. Izan ere, uztailaren 15etik 20ra, 3.297 miru gorri, 3.308 sorbeltz arrunt, 357 enara azpizuri, 51 enara arrunt, identifikatu gabeko falkoniforme bat, 23 ubarroi handi, 3 haitz-enara, identifikatu gabeko 18 hirundinidae, belatz gorri bat eta 2 txoka arrunt. Honatx hegazti gehien ikusitako egunak: uztailaren 16an, 1.570 miru beltz ikusi ziren, eta uztailaren 19an, berriz, 2.680 sorbeltz arrunt.
Bestalde, SEO/BirdLife erakundeko behatzaileek 3.000 hegazti inguru ikusi zituzten migrazioan, uztailaren 15etik 20ra, Somport eta Portalet mendateetan. Ikusitakoen artean, 700 miru beltz eta 1.000tik gora sorbeltz arrunt dira nabarmentzekoak. SEO/BirdLife erakundeko lan taldearen arabera, 2016an baino hegazti gehiago ikustea espero da, hala ale kopuruari dagokionez (66.700) nola migrazioan ari den espezie kopuruari dagokionez (74).
Lindus 2
Lindus 2 ekimena 2016an abiatu, eta 2018ra arte iraunen du. Europako Poctefa proiektuaren jarraipena da, bide atlantikoetan barrena hegazti migratzaileak ikusteko, 2010etik 2014ra garatutakoa (Lindus izenarekin). Helburu nagusia da biodibertsitatea, ingurumen hezkuntza eta ekoturismoa Pirinioetako mugaldean sustatzea.
Proiektuaren aurrekontua 1.417.038,97 euro da. Dirutza horretatik, Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) 921.075,33 (% 65) eman ditu, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (Programa Interreg V-A España-Francia-Andorra (POCTEFA 2014-2020).
2017/07/19 | BERRIAK
SEO / BirdLife ingurumen GKEak hautaketa prozesua zabaldu du NBE / tekniko bat eta laguntzaile eremu Lindus 2 proiektuan, Aragón ordezkaritza erantsita. Lanpostua POCTEFA (2014-2020) Lurralde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) kofinantzaturik dago. Zuzeneko eskaerak uztailaren 26ra arte bidali behar dira SEO / BirdLife Aragoneko helbide elektronikora aragon@seo.org , adieraziz gaian: EDUC AMB LINDUS.
Lan honetan interesatuak daudenek curriculuma bidaltzeaz gain, testu bat aurkeztu beharko dute azaltzeko zergatik eskuratu nahi duten lan-postu hori. Informazio gehiago: eskaintza.
2017/04/12 | BERRIAK
Txinbadia+ proiektuko lan taldeak bisita teknikoa egin zuen atzo Auritzera eta Lindus ingurunera, Lindus 2 proiektua ezagutzeko.
Lindus 2 eta TXINBADIA+ proiektuetako 30 teknikari inguru elkartu dira Auritzen bakoitzaren esperientziak elkarri azaltzeko. Batzuk eta besteak ari baitira Pirinioetako natur ondarea zaintzeko eta aintzat hartzeko lanetan. Jardunaldiaren lehen zatia Aurizko Kultur Etxean egin da, bi proiektuen ezaugarriak eta helburuak azaltzeko. Ondoren, taldea Jauregiaroztegiko zohikaztegira joan da, hezegunea leheneratzeko lanak ikusteko. Arratsaldean, berriz, teknikariak Lindusko lepoan ibili dira, han zer egiten den jakiteko.
Txinbadia mugaz gaindiko sare bat da eta ingurumen-hezkuntzan, erabilera publikoan nahiz bi naturguneren zainketan dihardu; hots, Txingudiko padurak eta Abadia Eremua. Izan ere, bi toki horiek hegaztien migrazio-bidearen pasabide hautak dira Ekialdeko Atlantikoan. Horrela, Txinbadia+ (POCTEFA 14-20ren lehen deialdian onetsia) sareari loturiko hirugarren proiektua da, eta lan-taldeak gaitzeaz nahiz guneak moldatzeaz arduratzen da, erabilera publikoa eta kontserbazioa bateragarri egiteko asmoz. Bost erakunde dira bazkide: Eusko Jaurlaritza (Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren bitartez, proiektuaren gidaria baita); Pirinio Atlantikoetako Departamentua; Itsasbazterreko Kontserbatorioa eta Euskal Itsasertzeko Ingurumenaren Aldeko Ekimenen Zentro Iraunkorra, eta Hendaiako Udala.
Lindus 2 proiektuak (2016-2018) jarraipena eman dio Lindus Proiektuak 2010etik 2014ra egindako lanari, hegazti migratzaileek Mendebaldeko Pirinioetan egiten duten migrazioa aztertze aldera. Mugaz gaindiko lankidetza lana da, hainbat erakunderen artekoa. Hona hemen: Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa, S.A.); Aurizko Udala; SEO-Aragón (Espainiako Ornitologia Elkartea), eta Akitaniako Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Aquitania) erakundea. Ekimenak, beraz, lurralde zabala hartu du bere baitan, Nafarroan, Aragoin eta Akitanian. Lindus 2k lau helburu ditu: hegaztiak lau toki estrategikotan identifikatu eta zenbatzea (Lindus, Organbidexka, Portalet eta Somport); inguru horretako saguzarrak ere aztertzea; gizartea sentsibilizatzea, ekoboluntarioen eta beste ekimen aunitzen bidez, hegaztiak behatzeari loturiko ekoturismoa bultzatzea Lindus lurraldean, eta inguru horretako izadiaren nahiz kulturaren balioa aintzat hartu eta erakustea.
Hala Txinbadia+ nola Lindus 2 Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugaz gaindiko lankidetzarako programa eragilearen baitan daude (POCTEFA), eta biek ere Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsa (FEDER) dute finantzabide.
Bi proiektuen aurkezpena
Lindus 2ren aurkezpenean, Aurizko alkate Luis de Potestadek Lindus mapan kokatu eta proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu, baita haren jatorria ere. Halaber, eremuaren eta ingurunearen garapen ekonomikoa bultzatuko duela nabarmendu du, eta era berean, ekoturismoa sustatzeko programa bat abiaraziko dela, turista gehiago erakartzeko. Era berean, boluntarioendako hainbat jarduera eginen dira hegaztien jarraipena egiten den eremuetan.
LPO (Ligue pour la Protection des Oiseaux) erakundeko Jean-Paul Urcun ordezkariak Organbidexkako lepoan (Zuberoa-Frantzia) lan egiten duten boluntarioen lana azpimarratu du, hegaztiak ikusteko lau alderdietako bat baita proiektuaren baitan. Urcunek azaldu du nola biltzen dituzten boluntarioak, nolako prestakuntza ematen zaien, eta nola antolatzen diren lan taldeak, ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko nahiz parte-hartzaileen fidelizazioa sustatzeko.
Lindus 2k ekarritako gauza berrian artean, saguzarren monitorizazioa da. Kamera termiko bat erabiltzen da, ultrasoinuko grabagailu batekin batera. Nafarroako Gobernuko GAN-NIK (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa, S.A.) enpresa publikoaren ordezkari Carlos Astrainek aurreratu du azpiegitura egonkor bat osatuko dela saguzarren emigrazioa aztertzeko, eta gogoratu du orain arte 15 saguzar espezie zenbatu direla eremuan.
Sociedad Española de Ornitología (SEO/BirdLife) erakundea arduratzen da hegazti migratzaileen jarraipena egiteaz Somport eta Portalet mendateetan. 12.400 bazkide ditu eta ekoboluntarioz osaturiko sare nazional zabala ere bai.
Bukatzeko, Txinbadia+ proiektuko teknikariek azaldu dute erronka nagusia dela sareari jarraipena ematea. Sare hori ingurumen hezkuntzan, kontserbazioan eta Txingudiko badiako naturguneen erabilera publikoaren kudeaketan diharduten taldeek sortu zuten.
Jardunaldiaren irudiak
2017/04/05 | BERRIAK
Txinbadia+ proiektuko lan-taldeak bisita teknikoa eginen du hilaren 6an, ortzegunarekin, Auritzera eta Lindus ingurura, Lindus 2 egitasmoa ezagutzeko asmoz. Goizean, bi proiektuak aurkeztuko dira, eta arratsaldean, berriz, Lindusko lepora joanen dira, han egiten den lana bertatik bertara ikusteko, hegaztiak ikusteko toki hauta baita.
Hala Txinbadia+ nola Lindus 2 Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugaz gaindiko lankidetzarako programa eragilearen baitan daude (POCTEFA), eta biek ere Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsa (FEDER) dute finantzabide.
Txinbadia mugaz gaindiko sare bat da eta ingurumen-hezkuntzan, erabilera publikoan nahiz bi naturguneren zainketan dihardu; hots, Txingudiko padurak eta Abadia Eremua. Ingurune horrek balio handia du ingurumenaren aldetik, garrantzi ornitologiko nabarmena baitu. Izan ere, hegaztien migrazio-bidearen pasabidea da Ekialdeko Atlantikoan. Horrela, 2007tik 2013ra, bi POCTEFA proiektu garatu ziren (Txinbadia eta Txinbadia 14-15), eta horiei esker, sarea osatu eta finkatu zen. Beraz, oraingo Txinbadia+ hau (POCTEFA 14-20ren lehen deialdian onetsia) sareari loturiko hirugarren proiektua da, eta lan-taldeak gaitzeaz nahiz guneak moldatzeaz arduratzen da, erabilera publikoa eta kontserbazioa bateragarri egiteko asmoz. Bost erakunde dira bazkide: Eusko Jaurlaritza (Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren bitartez, proiektuaren gidaria baita); Pirinio Atlantikoetako Departamentua; Itsasbazterreko Kontserbatorioa eta Euskal Itsasertzeko Ingurumenaren Aldeko Ekimenen Zentro Iraunkorra, eta Hendaiako Udala.
Lindus 2 proiektua 2016tik 2018ra ari da garatzen, eta jarraipena eman dio Lindus Proiektuak 2010etik 2014ra egindako lanari, hegazti migratzaileek Mendebaldeko Pirinioetan egiten duten migrazioa aztertze aldera. Mugaz gaindiko lankidetza lana da, hainbat erakunderen artekoa. Hona hemen: Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa, S.A.); Aurizko Udala; SEO-Aragón (Espainiako Ornitologia Elkartea), eta Akitaniako Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Aquitania) erakundea. Ekimenak, beraz, lurralde zabala hartu du bere baitan, Nafarroan, Aragoin eta Akitanian. Hegaztiak lau tokitan identifikatu eta zenbatzeaz gain (Lindus, Organbidexka, Portalet eta Somport), inguru horretako saguzarrak ere aztertzen dihardute. Hortaz landara, Lindus-2k gizartea sentsibilizatu nahi du, ekoboluntarioen eta beste ekimen aunitzen bidez. Proiektuak, azkenik, hegaztiak behatzeari loturiko ekoturismoa bultzatu nahi du Lindus lurraldean, eta inguru horretako izadi nahiz kulturaren balioa aintzat hartu eta erakutsi.
2017/03/08 | BERRIAK
2010az geroztik, bi milioitik gora hegazti migratzailek gurutzatu dute Lindusko lepoa. Beraz, leku bikaina da klima-aldaketa aztertzeko.
Mugaz gaindiko Lindus-2 proiektua ofizialki aurkeztu da gaur Aurizko Kultur Etxean, hegazti migratzaileen jarraipena egiteko, ingurumen hezkuntza sustatzeko eta ekoturismoa bultzatzeko.
Lindus 2 Pirinioetako mugaldean hegazti migratzaileak behatzeko, hezkuntza ingurumena sustatzeko eta ekoturismoa bultzatzeko Poctefa proiektua da, mugaz gaindiko lankidetzan oinarritua, eta lau bazkide ditu: Aurizko Udala, LPO (Ligue pour la Protection des Oiseaux), Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife) eta Nafarroako Gobernuko GAN-NIK enpresa publikoa (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa S.A.),
Ekitaldian aritu dira Isabel Elizalde Arretxea, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria; Luis de Potestad, Aurizko alkatea; Olivier Le Gall, Ligue pour la Protection des Oiseaux-LPOko presidentea, Fernando Sánchez Morales, Huescako Probintzia Diputazioko Programa Europarretarako deputatu-ordezkaria eta Canfranceko alkatea; eta Ramón Martí, Sociedad Española de Ornitología/BirdLife erakundeko lurralde-koordinatzailea. Publikoaren artean, Cederna-Garalur erakundearen ordezkariak izan dira, Lindus proiektuari loturiko entitatea baita, bai eta AEMETeko eta Pirinioetako hainbat udalerritako ordezkariak ere.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak alde guztien borondatea nabarmendu du proiektua gauzatzeko, eta halaber, mugaz bi aldeetan bildutako datuak eta egindako azterlan zientifikoak azpimarratu ditu, klima-aldaketa ukatzen duten informazioak gezurtatzen laguntzen baitute. “Nafarroako Gobernuak funtsezkotzat jotzen du hegazti-migrazioari buruzko emaitzak eta ezagutza berriak ahalik eta jende gehienarengana iristea, eta Lindusek hegaztien migrazioa ikusteko duen aitortza finkatzea”.
Aurizko alkateak, bere aldetik, nabarmendu du ekintza berriek nahiz hegaztiak eta saguzarrak monitorizatzeko saioek garapena ekarriko dutela herrira. “Ingurumen hezkuntza sustatuz eta boluntariotza kudeatuz, lurraldearen balioa agerian jarriko da eta ekoturismoa sustatzeko aukera izanen dugu, oro har Nafarroako Pirinioak bultzatzeko, eta bereziki, gure herria”.
LPO (Ligue pour la Protection des Oiseaux) erakundeko buruak eta Sociedad Española de Ornitología/BirdLife erakundeko lurralde-koordinatzaileak boluntarioen lana eta datu-bilketa azpimarratu dituzte, lana klima-aldaketa orokorraren adierazle ezin hobea baita, bai eta gure habitat sentikorrenen egoeraren adierazlea ere.
Lindus 2, 2018ra arte iraunen duen proiektua
Lindus 2, zehazki, 2016an abiatu zen eta 2018ra bitarte iraunen du. Europako Poctefa proiektuaren jarraipena da. Hura 2010etik 2014ra bitarte garatu zen (Lindus), hegazti migratzaileak bide atlantikoetan behatzeko. Lindus 2ren helburu nagusia da biodibertsitatea, ingurumen hezkuntza eta ekoturismoa Pirinioetako mugaldean sustatzea. Proiektuak ekarritako gauza berrien artean, nabarmentzekoa da hegaztiak behatzeko leku berriak daudela (Somport eta Portalet mendateak), kiropteroen monitorizazioa (saguzarrak) eta ekoturismo programa bat, oso garrantzitsua 2017an, Garapenerako Turismo Iraunkorraren Nazioarteko Urtea baita.
Proiektuak 1.417.038,97 euroko aurrekontua du. Horietatik, 921.075,33 (% 65) FEDER-Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsari dagozkio, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014-2020).
Lindus 2ko ekintza nagusiak
Hegaztien migrazio-pasabideak behatu eta erregistratzea da ekintzarik garrantzitsuenetako bat Lindus 2 proiektuaren baitan. Izan ere, mugaz bi aldeko ornitologoek guardia egiten dute Lindusko (Nafarroa) eta Organbidexkako (Akitania Berria) lepoetan, eta Somport eta Portalet mendateetan (Huesca), hegazti migratzaileak zenbatu eta identifikatzeko.
Baina migrazioa aztertzeaz haratago, Lindus 2k hainbat ekintza garrantzitsu aurreikusi ditu, hala nola boluntariotza-jarduerak egitea jarraipen eremuetan, eta ingurumen hezkuntzako programa bat abian jartzea jende guztiarentzat; eskolako ikasleentzat, bereziki.
Baina migrazioa aztertzeaz haratago, Lindus 2k hainbat ekintza garrantzitsu aurreikusi ditu, hala nola boluntariotza-jarduerak egitea jarraipen eremuetan, eta ingurumen hezkuntzako programa bat abian jartzea jende guztiarentzat; eskolako ikasleentzat, bereziki.
Lindus 2ko lehen behaketak eta ekimenak 2016an egin ziren. Izan ere, 2016ko abuztutik azarora bitarte, 83 espezietako 402.340 hegazti migratzaile ikusi ziren pasan Lindusko lepoan, hau da, Auritz eta Luzaide artean. Era berean, urriaren 29an eta 31n, 123.000 eta 84.000 uso baino gehiago zenbatu ziren pasan, hurrenez hurren; eta urriaren 9an, 448 miru gorri ikusi ziren.
Kalkuluen arabera, Europako harrapari migratzaileen % 90ek lepo hori zeharkatzen dute, bai eta Iberiar Penintsulara iristen diren hegazti migratzaileen saldo nabarmenek ere (miru gorria, zikoina beltza, kurrilo arrunta, pagausoa eta txoloma). 2010tik hona, bi milioitik gora hegazti migratzailek gurutzatu dute Lindusko lepoa, eta erreferentziazko tokia da klima-aldaketa aztertzeko.
Izan ere, hegazti migratzaileen jarraipena egiteak ederki erakusten digu zertan den klima-aldaketa orokorra eta zer egoeratan dauden gure habitatik sentikorrenak. Lur planeta berotzearen ondorioz, hegazti-fluxuak aldatzen ari dira. Horrela, espezie batzuek lehenago hasten dute bidaia; beste batzuek, atzeratu edota aldatzen dute. Hori agerikoa bada ere, datu-serie luzeak behar dira kudeaketa-neurri egokiak ezartzeko.
Lindus 2, halaber, jendea ingurumenaz sentsibilizatzeko proiektua da, herritar guztiei irekia. Lindus 2ko lehen jardueretako bat ornitologia-jardunaldia izan zen, familia guztiarentzat antolatua, Auritzen irailaren 25ean egina: ibilbide ornitologikoa, hegazti behaketa, ibilbideak bizikleta elektrikoetan, eta hegaztiei eraztunak era zientifikoan paratu zitzaizkien. La Caixa Gizarte Ekintza elkarlanean ari da Aurizko Udalarekin, programa honetako jarduerak garatzen laguntzeko.
2017/02/17 | BERRIAK
Gaur, otsailak 17n, mugaz gaindiko lankidetza-proiektuko bazkideek bilera egin dute Auritzen (Nafarroa), komunikazioaz eta egitasmoari buruzko beste gai batzuez mintzatzeko. Aurizko alkate eta tokiko erakunde bazkidearen ordezkari Luis de Potestadek gainerako bazkideak hartu ditu; hots, LPO Aquitaine, SEO/BirdLife eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) erakundeen ordezkariak, bai eta bi enpresa hauen ordezkariak ere: Kaizen enpresa koordinatzailea, eta Heda komunikazio enpresa.
Bileran aztergai izan dute proiektua aurkezteko ekitaldia, Auritzen berean eginen baita, martxoaren 8an. Era berean, bestelakoak izan dituzte solasgai, hala nola boluntarioei buruzko kontuak, proiektuaren webgunea, sare sozialen bidezko zabalkundea, finantzaketa-kontuak, eta hemendik gutxira, Txinbadia proiektuko bazkideek Lindus 2 lurraldera eginen duten bisita.