Irailaren 25ean bukatuko da NUPeko “Natura eta Ondarea” udako ikastaroan izena emateko epea

Irailaren 25ean bukatuko da NUPeko “Natura eta Ondarea” udako ikastaroan izena emateko epea

Irailaren 25ean bukatuko da “Natura eta Ondarea” izeneko ikastaroan izena emateko epea. Ikastaroa Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Aurizko Udalak antolatu dute, eta Ondareari buruzko Europako Jardunaldien barnean eginen da, Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren ekintzen baitan; era berean “Wellington ibilbidea” berreskuratzeko egitasmoari dago lotua. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak laguntza eman diote ekimenari.

Ikastaroa Eloísa Ramírez Vaquerok eta Fernando Cañada Palaciok zuzendua da, hau da, NUPeko Unibertsitate Proiekziorako eta Erakunde Harremanetarako Errektoreordeak eta Muraria enpresako arduradunak, hurrenez hurren, eta irailaren 27tik 30era bitarte eginen da Iruñeko Kondestable Jauregian, Aurizko Kultur Etxean eta Lindusko mendi-lepoan. Jardunaldietan, Ondarea izanen da aztergai, kulturari, paisaiari eta naturari lotutako ikuspegitik, betiere.

Jardunaldiak bi publiko motarentzat antolatu dira. Batetik, natur eta kultur ondarea kudeatzen ari diren profesionalentzat, ingurumenean adituak direnentzat, kultur eragileentzat eta berezko interesa duen jendearentzat. Bestetik, jende guztiarentzat, larunbat arratsalde beranduan dibulgaziozko saioak eginen baitira. Bestalde, azken eguna saio teoriko eta praktikoa izanen da Auritzen, eta gero, Lindusko lepoan emanen zaio bukaera. Mendi-lepo hori garrantzitsua da benetan nazioartean, bai naturari begira (hegazti migratzaileak pasatzen baitira) bai historiari begira (“Wellington ibilbidea” delakoaren berreskurapena).

Pirinioetako Lan Elkarteak Lindus 2 proiektua aukeratu du Europako Lankidetza Eguna ospatzeko

Pirinioetako Lan Elkarteak Lindus 2 proiektua aukeratu du Europako Lankidetza Eguna ospatzeko

Auritzen,berriz ere, ornitologia eta ekoturismo jardunaldia eginen da irailaren 24an

Heldu den igandean, irailaren 24an, ornitologia eta ekoturismo jardunaldia eginen da Auritz inguruan, Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuak bultzatua. Hegazti migratzaileak behatu, ingurumen hezkuntza bultzatu eta ekoturismoa Pirinioetako mugan sustatzeko proiektua da, hain zuzen. 

Ekitaldi sorta ederra eginen da “Hegaztiak, klima-aldaketaren adierazle” lelopean, inguru horretan hegazti migratzaileak behatzeko egiten den jarduera bisitari eta bertako herritarrei azaltzeko, leku horretako natur ondarea erakusteko eta ekoturismoa sustatzeko. Horrez gain, oraingo honetan, Pirinioetako Lan Elkarteak igandeko ekitaldia aukeratu du Europako Lankidetza Egunaren programan sartzeko. Erakunde horretako kide dira Frantziako Akitania Berria eta Okzitania eskualdeak, Espainiako  Katalunia, Aragoi, Nafarroa eta EAE autonomia erkidegoak, eta Andorrako Estatua.

Europako Lankidetza Eguna

Europako Lankidetza Eguna 2012az geroztik ospatzen da, mugaz gaindiko lankidetza programek Europako 30etik gora herrialdetan garaturiko jarduera erakusteko. Horrela, “Sharingborders, growingcloser” lelopean (mugak partekaturik, elkarrekin hazita), datozen egunotan hamaika ekitaldi eginen dira Europa guztian, hala nola kontzertuak, atari zabaleko kirol jarduerak, argazki lehiaketak, eko-gastro jaialdi bat edota odol emate bat.

Aurizko jardunaldia ekitaldi horietako bat izanen da. Beraz, horrek erran nahi du aintzat hartu dela Lindus 2ren bitartez egiten den lanaren balioa, hots, eztei ondoko hegazti migrazioa aztertzeaz gain, kiroptero edo saguzarren monitorizazioa egiten da, ingurumen hezkuntza eta ekoturismoa bultzatzearekin batera. Aurizko Udala da mugaz gaindiko proiektu honen gidaria, eta hainbat bazkide ditu, hala nola Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Liguepourla ProtectiondesOiseaux (LPO-Aquitaine) erakundea eta Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du,  Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).

Ibilbideak, behaketak eta mugikortasun elektrikoa

Hilaren 24ko ekitaldiak goizeko 9:00etan hasiko dira Auritzen, ibilbide gidatua izanen baita Ibañetatik Lindus eta Trona mendietaraino, bi inguru horietan hegazti migratzaile aunitz metatzen baitira. Ibilbideak 12:30era arte iraunen du, eta ibilian, jendeak hegazti pasa ikusteko aukera izanen du, eguraldiak laguntzen badu. Bertzalde, hamaiketakoa hartzeaz gain, Lindusen postu bat paratuko da Europako lankidetza zertan den azaltzeko.

Mugikortasun elektrikoa ere izanen da ardatz igandeko ekitaldien artean, Europako Mugikortasun Asteari begi-keinu bat egiteko. Goizeko 11:00etatik 13:00etara, bizikleta, moto eta auto elektrikoak (Bultaco, Renault) izanen dira jendearen eskura Auriztik Jauregiaroztegiko hezegunera bitarte; leku hori herritik ehunka metrora dago. Haurrek, gainera, bizikleta elektrikoak izanen dituzte eskura, antolatzaileek doan jarrita.

Jauregaroztegi hegazti migratzaileendako atseden tokia izaten da, eta bi ekitaldi eginen dira. Batetik, 10:00etatik 14:00etara, hegaztiei eraztunak era zientifikoan paratzeko erakustaldia, eta bertzetik, hezeguneko intsektu kopuru handia baliatuko da odonatoak ikusteko (burruntziak eta txitxi-burruntziak). 11:00etatik 14:00etara, espezie horietako aleak harrapatu, identifikatu eta berriz ere askatuko dituzte.

Ekitaldi guztietan jende aditua arituko da bisitariei behar bezalako azalpenak emateko.

Behatzaileak Lindusen (2017ko iraila).

Eguna iragartzeko kartela.

Ekoturismoaren gaian parte hartzeko bilera Auritzen

Ekoturismoaren gaian parte hartzeko bilera Auritzen

Bihar, irailak 2, larunbata, Aurizko Kultur Etxean ekoturismoari buruzko bilera bat egingo da eta bertan tokiko eragileek parte hartzen ahalko dute: ostalaritzak, gidariek, turismo bulegoek, teknikariek, udal politikariek eta pertsona interesatuek. Batzarrean zehar, zein 17:00etan hasiko baita, mugaz gaindiko lankidetzarako Lindus 2 proiektuaren barnean garatzen diren diagnosi eta estrategiaren berri emango da. Jarraian, lan saioa eta parte-hartzaileen intereseko gaien bateratze-lana egingo dira.

Bileran, Gabriel Berastegi, biologoa Ornitolan-en, Lindusen hegaztien jarraipena burutzen duen enpresa; Miren Arrigain eta Idurre Lukas, teknikariak Biziki-bizikin, ekoturismoaren gaineko diagnosia burutzen duen enpresan; Iñaki Yoller, Aurizko Turismo zinegotzia, eta Iñaki Martínez de Vírgala, Nafarroako Gobernuko Turismoko Marketinaren Zerbitzuko zuzendaria, izango dira.

Lan saioaren ondoren, diagnosia landuko da eta hori izango da estrategian oinarritutako lehenengo ekoturismo ekimenak gauzatzeko lan tresna.

Lindus2

Mugaz gaindiko lankidetzarako Lindus 2 proiektuak hegaztien eztei ondoko migrazioa mendebaldeko bidean aztertzea, ingurumen hezkuntza zabaltzea eta ekoturismoa bultzatzea ditu helburu. Aurizko Udalak gidaturik, beste hiru bazkideok ditu: Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Aquitaine) eta Nafarroako Gobernua GAN-NIK enpresa publikoaren bidez. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) proiektuaren aurrekontuaren %65 ordaindu du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).

Miru beltzak jaun eta jabe Pirinioetako zeruetan

Miru beltzak jaun eta jabe Pirinioetako zeruetan

40.000 ale inguru zenbatu dira agorrilaren lehen hamabortzaldian Lindus 2 Europako proiektuaren bitartez

Zenbaketa lana Lindus eta Organbidexkako lepoetan nahiz Somport eta Portalet mendateetan egiten dute, eta abuztuaren 1etik 15era, guztira 72.373 hegazti ikusi zituzten. Espezierik ikusiena miru beltza (Milvus migrans) izan zen, 37.159 alerekin; gero, sorbeltz arrunta (Apus apus), 28.309 alerekin, eta enara azpizuria (Delichon urbicum), 5.500 bat alerekin.

Organbidexkan (Akitania Berria), 30.601 hegazti zenbatu ziren hilaren lehen 15 egunetan. Abuztuaren 2an miru beltz aunitz igaro ziren (6.600), baina hilaren 7ko zeru sabaia ikusgarria izan zen zinez, 14.000 miru inguruk zeharkatu baitzuten lepoa. Organbidexkako ornitologoek eta boluntarioak, halaber, bertze espezie interesgarri batzuk ikusi zituzten hamabortzaldi horretan, hala nola Eleonor belatza (Falco eleonorae) eta karraka (Coracias garrulus); hau da, Organbidexkan 39 behaketa urteetan ikusitako hirugarrena.

Aragoiko Portalet eta Somport lepoetan 26 espezieko 31.311 hegazti migratzaile zenbatu ziren. Ugarienak sorbeltz arrunta (18.500 ale), enara azpizuria (6.700) eta miru beltza (6.000) izan ziren. Lehen astean bertze espezie batzuetako lehen aleak ikusi zituzten: arrano txikia (Aquila pennata), zapelatz arrunta (Buteo buteo) aztorea (Accipiter gentilis), belatz handia (Falco peregrinus), mirotz urdina (Circus pygargus) eta uhalde-enara (Riparia riparia). Gainera, sai beltza (Aegypius monachus) hiru aldiz ikusi zen; ale berbera, ziurrenera. Espezie hori Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan dago sartuta.

Lindusko lepoan (Nafarroa-Akitania Berria) 43 espezieko 10.461 ale zenbatu ziren abuztuaren 1etik 15era, baina 10 egunez sailik egon zen zerua argi. Espezie ugariena sorbeltz arrunta (7.202) izan zen; gero miru beltza (2.192), uhalde-enara (250) eta enara azpizuria (231). Gainera, kopuru txikiagoan, interes handiko espezieak ikusi ziren, hala nola zikoina zuria (Ciconia ciconia) eta zikoina beltza (Ciconia nigra), 183 eta 29 alerekin hurrenez hurren, sai beltza eta elano urdina (Elanus caeruleus). Halaber, hemen bizi diren espezie bereziak, hala nola ugatza (Gypaetus barbatus) edo okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos). Hegazti gehien abuztuaren 2an, 3an eta 15ean igaro ziren.

Lindus 2ko bigaren behaketa denboraldia

Mugaz bi aldeko behatzaileak uztailaren 15ean hasi ziren hegazti migratzaileak zenbatzen, eta azaroaren 14ra arte arituko dira. Bigarren kanpaina da hegaztien eztei ondoko migrazioa mendebaldeko bidean aztertzeko, Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetzarako proiektuaren barnean, Aurizko Udalak gidaturik. Honatx bazkideak: Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) eta Nafarroako Gobernua GAN-NIK enpresa publikoaren bidez.

Hegazti migratzaileak aztertzeaz landara, Lindus 2k bertzelako helburuak ere baditu, hala nola kiropteroak (saguzarrak) zenbatzea, ingurumen hezkuntza zabaltzea eta ekoturismoa bultzatzea. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) proiektuaren aurrekontuaren  % 65 ordaindu du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).

60.000 hegazti migratzaile inguru ikusi dira uztailean Lindus proiektuaren bidez

60.000 hegazti migratzaile inguru ikusi dira uztailean Lindus proiektuaren bidez

Espezierik ikusienak sorbeltz arruntak, miru beltzak eta enara azpizuriak izan dira

Uztailaren 15etik 31ra, guztira 58.455 hegazti migratzaile zenbatu dira Organbidexka, Lindus, Portalet eta Somport behaketa tokietan, Lindus 2 proiektu europarraren barnean. Hegaztien eztei ondoko migrazioa aztertzeko bigarren kanpaina da mendebaldeko bidean, Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren barnean, Aurizko Udalak gidaturik. Proiektuak hainbat bazkide ditu parte-hartzaile: Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) eta Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez.

Uztailaren bigarren hamabostaldian, Organbidexkan, 18 espezietako 14.241 hegazti zenbatu ziren hamaika behaketa egunetan. Gehienak miru beltzak izan ziren, 9.413 ale; gero, sorbeltz arruntak (4.044) eta enara azpizuriak (608). Ia miru erdiak uztailaren 29an igaro ziren; enara azpizuri gehienak, berriz, uztailaren 17an igaro ziren (330), eta uztailaren 19an, sorbeltz arrunt guztiak (4.044). Organbidexkatik bertze espezie interesgarri zenbait ere ikusi ziren, hala nola ubarroia, zikoina beltza eta arrano sugezalea.

Bigarren hamabortzaldian, Lindusko lepoan 3.669 hegazti zenbatu ziren, 36 espezietakoak. Dena den, 11 egunetan bakarrik egin ziren behaketak, gainontzekoetan zerua goibel baitzegoen.  Espezie migratzailerik ugariena sorbeltz arrunta (Apus apus) izan zen (2.051 ale); gero, miru beltza (Milvus migrans), 1.190 alerekin, eta enara azpizuria (Delichon urbicum), 115ekin. Miru beltz gehien uztailaren 29an igaro ziren (537); enara azpizuri gehienak, berriz, uztailaren 19an (1.388). Gainera, bertze espezie batzuk ere ikusi ziren, hori bai aunitzez ere kopuru txikiagoan, hala nola zikoina beltza eta sorbeltz arrea.

Aragoiko Portalet eta Somport mendateetan zerua garbiagoa egon zen, eta 17 egunetan egin ziren behaketak. Portaleten 14 espezietako 23.886 ale zenbatu ziren. Lindus eta Organbidexkan bezala, hiru espezierik ugarienak sorbeltza (18.006), miru beltza (4.996) eta enara azpizuria (794) izan ziren. Somporten 16.679 hegazti zenbatu ziren, 10 espezietakoak, 17 behaketa egunetan. Somporten ere, hegazti ugarienak miru beltzak (7.690), sorbeltz arruntak (7.632) eta enara azpizuriak (1.264) izan ziren.

Abuztu hasiera honetan, eguraldi txarrak behaketa eragotzi du zenbait egunez, baina aldi berean pasa egun zoragarriak izan dira; abuztuaren 7an, adibidez, 13.968 miru beltzak Organbidexkako zerua urratu zuten. Hori bezalako uneak bizi nahi dituenak, eta hegazti migratzaileei buruz zerbait gehiago ikasi, aukera ederra izanen du irailaren 24an, egun horretan ornitologia jardunaldi irekia eginen baita Lindusko lepoan.

Hegazti migratzaileak aztertzearekin batera, Lindus 2k bertzelako helburuak ere baditu, hala nola kiropteroak (saguzarrak) monitorizatzea, ingurumen hezkuntza zabaltzea, eta ekoturismoa bultzatzea. Proiektuak Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsaren (EGEF) dirua jaso du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA) programaren bitartez.

SEO / BirdLifek boluntarioak bilatzen ditu iraila eta urrirako

SEO / BirdLifek boluntarioak bilatzen ditu iraila eta urrirako

SEO / BirdLifek Somport eta Portalet (Huesca) portuetan  boluntario deialdia luzatu du hegazti migratzaileen jarraipena egiteko eta ingurumen kontzientzia bultzatzeko Lindus 2 proiekturako. Dei honetan parte hartzeko ezinbesteko baldintza da SEO / BirdLiferen honako boluntario programetan parte hartu izana: Sacre, Sacin, PASER, ATLAS, eta Hegazti eta Klima.

SEO / BirdLifek ostatua, oinarrizko eremu ekipamendua, ostatutik portuetarako joan-etorriak, prestakuntza eta istripu aseguruak eskeiniko dizkie parte-hartzaileei.

Lanaldia 9:00etatik 18:00ra izango da (landa piknik batekin). Lau txanda antolatuko dira, bakoitza hamar egunekoa:

  1. txanda: irailaren 1etik irailaren11ra.
  2. txanda: irailaren 11tik 21era.
  3. txanda: irailaren 21etik 31ra.
  4. txanda: urriaren 1etik 11ra.

Izen emateak 2017ko abuztuaren 18ra, (18 barne) egin beha dira. Argibideak, https://www.seo.org/voluntariado-proyecto-cooperacion-lindus-2-2017 web orrian eta inscripciones.seoaragon@seo.org helbide elektronikoan.