2018/03/02 | BERRIAK
Joan den otsailaren 23an, bigarren saio irekia egin zen Aurizko Kultur Etxean “Aurizko eta inguruko Ekoturismo Diagnosia” prestatzeko, POCTEFA Lindus 2 izeneko proiektuan aurreikusia dagoen bezala. Bileran, bi enpresak ekoturismoari buruzko diagnosiaren aurrerapena egin zuten, eta horrez gain, hegaztiak Lindusko lepoan behatzeko azken kanpainaren balantzea ere bai; zehazki, turismo jasangarrian ari den Biziki aholkularitza-enpresa eta ingurumen zerbitzuetarako Ornitolan enpresa izan ziren. Inguru honetara etorritako 237 bisitariri egindako inkestak oinarri harturik, turistaren profil bat taxutu dute, eta era berean, zer ohitura, interes eta motibazio dituzten. Errandakoaren arabera, batez beste, bisitaria adin erdikoa da (45 urte), Espainiako Estatuan bizi da eta bikoteka edo taldean doa. Oro har, txangozaleak dira nagusi (%64), turisten aldean. Turista ornitologikoa guztien % 4 da, eta oso ontzat jo du Lindusek berez hegaztiak behatzeko duen erakarpena, bai eta kalitatea ere. Izan ere, toki hauta da hegazti migratzaileen pasa ikusteko. Hortxe baitaude, konparaziora, azken behaketa-urte honetako zenbakiak: 92 espezietako 325.853 hegazti zenbatu baitira guztira, eta haien artean, 83, espezie migratzaileak izan dira.
Aurkezpenaren ondotik, Artzibar, Aezkoa eta Erroibarko hogei bat turismo-eragilek erronketako batzuk izan zituzten mintzagai inguru horretako turismoa bultzatzeko: adibidez, Lindusek ornitologiarako duen erakarpena bertakoen eta bisitarien artean zabaldu beharra; Lindus 2 proiektua agerrarazi beharra bai mendi-lepoan, baina baita herrian ere; inguruko turismo-eragileak proiektuan engaiatzea; inguruko ekoturismo eskaintza dibertsifikatzea, etab.
Hemendik aitzina, Bizikik eta Ornitolanek hainbat lan izanen dituzte eginkizun, hala nola ildo estrategikoak identifikatzen segitzea; ekoturismoan ekiteko plan bat prestatzea, eta produktu ekoturistikoak diseinatzea, betiere inguruko eragileek parte hartuta.
Ekoturismoa bultzatzeaz gain, Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuak hegaztien eztei ondoko migrazioa aztertzen dihardu mendebaldeko migrazio-bidean; halaber, saguzarrak aztertzen ari da, eta ingurumen-hezkuntza bultzatzen. Aurizko Udalak gidaturik, proiektuan partaide dira Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Akitaniako Lurralde Ordezkaritza) erakundea eta Nafarroako Gobernua, betiere GAN-NIK enpresa publikoaren bidez. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).
2018/02/19 | BERRIAK
Europako erdialdetik eta iparraldetik migrazioan heldu den saguzar kopuru handiak zeharkatu ditu Baztango mendi-lepoak, eta halaber, ugari ikusi dira saguzar espezie sedentario batzuk mendi horietan.
Datu hori eta bertze batzuk atera dira Juan Tomás Alcalde biologo eta kiroptero-aditua egiten ari den azterlanean, Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren barnean, Nafarroan saguzarren migrazioa zertan den jakiteko. Ekimen horretan partaide dira Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Délégation Territorial Aquitaine) erakundea, Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Nafarroako Gobernua, betiere Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) enpresa publikoaren bidez, eta Aurizko Udala. Proiektuaren barnean, saguzarrei lotutako alde teknikoa garatzen ari da 2016tik 2018ra, bi erakunderen zuzendaritzapean: GAN-NIK enpresa publikoa eta Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia, betiere Nafarroako Gobernuko Mendizaintzak lagundurik.
Bi lehen behaketa-denboraldietan, 6 mendi-lepotan atzeman dira migrazio-hegaldiak: Artesiagan, Urkiagan, Izpegin, Ibañetan, Gabarbiden eta Lizuniagan. Guztien artean, Izpegi da nabarmentzekoa, erregistraturiko mugimendu guztien % 40 izan baitziren. Orain arteko datuen arabera, iduri du Baztango mendi-lepo jakin batzuetatik sartzen direla saguzar migratzaileak Nafarroako alde honetara, eta ez horrenbertze, ordea, Kintotik eta Aldude aldetik. Hirugarren denboraldiko erregistroek egiaztatu beharko dute hipotesi hori.
Artesiagako lepoan ere saguzar hegaldi aunitz ikusi dira, baina hegaldi gehienak saguzar espezie sedentarioei dagozkie, ehizara joaten baitira, bazkalekuei eta aziendari lotutako intsektuek erakarrita, ziur aski. Lepo horretan, gutxienez, 12 saguzar espezie ikusi dira.
Saguzar migratzaile gehienak (% 89) gau-saguzar txikiak (N. leisleri) dira, hots, saguzar migratzaileen lau espezie bereizgarrietako bat, eta ondoren, alde handira, gau-saguzar handiak (N. lasiopterus) heldu dira (hegaldien % 3). Atzeman diren migrazio-hegaldi guztiak ale isolatuei dagozkie, bi grabazioetakoak izan ezik, bi bikote baitziren. Hortaz, badirudi migrazioa barreiatua dela, eta ez dela talde handietan egiten, hegazti aunitzek egiten duten bezala. Bertzalde, pasarik handiena agorrilaren hondarretik irailaren lehen hamabortzaldira bitarte izaten da.
Ezagutza handiagoa hobeki kontserbatzeko
Nafarroa animalia migratzaile aunitzen pasa lekua da. Kumeak Europako erdialdean eta iparraldean hazi ondoren, latitude apalago eta epeletara jaisten dira, negu pasa. Talde ugariena eta ezagunena hegaztiena da, baina bertze animalia talde batzuek ere antzeko migrazioak egiten dituzte; saguzarrek eta intsektuek, adibidez.
Saguzarren migrazio-mugimenduak, ordea, oso ezezagunak zaizkigu oraindik ere, berez zaila baita animalia horiek aztertzea, gauez baizik ez baitute hegan egiten eta, gainera, leku ezkutuetan babesten dira. Datu gutxi ditugu Europa aldetik Iberiar Penintsulara egiten duten migrazioaz (hona, hibernatzera etortzen baitira). Datu gehienak eraztunen bidez lortu dira, bai eta aleak berreskuratuz ere. Nafarroan, aterpe-kaxak azterturik, badakigu eme migratzaileak irailean iristen direla, eta horrek erran nahi du badirela Nafarroan hibernatzen duten saguzarrak, ipar Europatik etorrita.
Animalia horien migrazio-bideak hobeki ezagutze aldera eta bide horiek hobeki kontserbatze aldera, Lindus 2 saguzarren jarduera erregistratzen ari da nafar Pirinioetako lepoetan, metodologia berria erabilita: bideo-kamera infragorri-termikoa, ultrasoinu detektagailu batekin. Lehenak hegaldiaren ibilbidea identifikatzeko aukera ematen du; bigarrenak, berriz, espeziea identifikatzen du haren ultrasoinuen bitartez. Azken horri esker, jakin daiteke zein saguzar heldu den migrazioan; zein, ehizara; eta zein ari diren araldian.
2016ko migrazio-denboraldian, 12 lepotan hartu ziren laginak eta, datuotan oinarriturik, 2017an haietako batzuetan ere eginiko behaketan; beste mendi-lepo batzuk, ordea, baztertu ziren, ez baitzen migrazio-jarduerarik batere ikusi, eta bertze lepo batzuetan ere ezarri ziren tresnak.
Era osagarrian, 2017an, halaber, aterpe-kaxetan aurkitutako 10 saguzar migratzaileri irrati-emisoreak paratu zaizkie, haien portaera aztertzeko. Mendizaintzako langileek lagundurik, haietako bi aurkitu dituzte: orain, bi eme Irunberriko eta Arbaiungo Arroiletan hibernatzen ari dira.
Saguzarren migrazio-bideak sakonago ezagutzeari esker, haien pasa lekuak hobeki babestuko ditugu. Adibidez, leku horietan ez da parke eolikorik paratuko, kiroptero ale aunitzen heriotza eragiten baitute. Era berean, espezie sedentarioen datuak arras baliagarriak izanen zaizkigu haien habitatak zaintzeko.
Hegaztiak, saguzarrak, ekoturismoa eta ingurumen-hezkuntza
Nafarroan saguzarrak monitorizatzeaz landara, Lindus 2 proiektuak betzelako eginkizunak ere baditu, hala nola hegaztien eztei ondoko migrazioa aztertzea mendebaldeko migrazio-bidean, eta ingurumen-hezkuntza nahiz ekoturismoa bultzatzea. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).
2017/11/28 | BERRIAK
Zikoina beltz eta zurien errekorra, eta sorbeltz arrunten pasa ona izan dira ardatz Lindus 2 proiektuko behaketa kanpainan
2017ko uztailaren 15etik azaroaren 15era, behatzaileek 659.113 hegazti ikusi dituzte Organbidexkako lepoan, Lindus mendian, eta Aragoiko Somport eta Portalet mendateetan, mendebaldeko Pirinioetako bideko hegaztien eztei ondoko migrazioa aztertzeko bigarren kanpainan. Ekimena Lindus 2 izeneko mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren bidez gauzatu da.
327.949 hegazti ikusi dira Lindus mendian
Lindus mendiko behaketa gunean (Banka-Auritz), guztira 91 espezietako 327.949 hegazti zenbatu dira. Guztien artetik, pagausoa (Columba palumbus) eta txoloma (Columba oenas) izan dira espezierik ugariena migrazio pasan, 209.929 alerekin. Gero, espezierik ugariena kurrilo arrunta edo lertsuna (Grus grus) izan da, 66.367 alerekin, eta ondotik, sorbeltz arrunta (Apus apus), 10.038 hegaztirekin.
Deigarria izan da miru gorrietan (Milvus milvus) izan den gorakada, 6. 466 ale baino gehiago ikusi baitira, eta deigarria ere, zeinen datu onak eman dituzten zikoina zuriak (Ciconia ciconia) eta beltzak (Ciconia nigra), 1.688 eta 426 hegazti izan baitira, hurrenez hurren. 1987az geroztiko kopuru handiena izan da zikoina zuriarentzat eta miru gorriarentzat. Kurrilo arruntaren bigarren denboraldirik onena izan da, 1987tik honat. Aitzitik, espezierik ugariena izanik ere, uso gutxiago igaro da, behin bakarrik izan baita aurtengoa baino kopuru txarragoa.
Urriaren 31 eta azaroaren 1a izan ziren Lindusko egunik ikusgarrienak; urriko azken egunean usoa, kurriloak eta ubarroi handiak (Phalacrocorax carbo) ugari igaro zirelakoz, eta azaroko lehena, kurrilo pasa zoragarria izan zelakoz (24.000tik goiti). Espezie bakanetan edo ustekabekoetan ere urte ona izan da, denetan hoberena, 2010etik honat, behinik behin.
Zikoina errekorra Organbidexkan
Organbidexkako lepoko (Larrañe, Akitania Berria) behatzaileek 212.262 ale zenbatu dituzte, 113 espezietakoak. Txonta arrunta (Fringilla coelebs) izan da ugariena (49.423); gero, miru beltza (37.034) eta sorbeltz arrunta (19.216).
Lindusen bezala, urtea errekorra izan da zikoina zurietan (1.404) eta beltzetan (1.027). Alde ederra dago 80ko hamarkadako kopuruekin, nekez ibiltzen baitziren zikoina beltzak hegan behaketa gune horretan, dozena gutxi batzuk baizik ez. Beste espezie batzuek ere errekorra hautsi dute Organbidexkan, hala nola miru gorriak, 8.796 alerekin, tarinak edo haltz-txoriak (Spinus spinus), 3.537rekin, eta mokolodiak (Coccothraustes coccothraustes), 2.730 alerekin. Miru beltzen pasa ere ikusgarria izan da zinez. Adibidez, 14.000 alek hegan egin zuten Organbidexkako lepoaren gainetik 4 orduan, abuztuaren 7an.
Aldiz, ez dira onak izan txoka arruntari (Linaria cannabina) buruzko datuak, azken urteotako txarrenak, hain zuzen, eta gauza bera erran behar da usoei dagokienez (txoloma eta pagausoa), hiruren artean 11.243 ale izan baitira. Bitxikeria gisa, lehen aldiz Japoniako urretxindor (Leiothrix lutea) bat ikusi da, bai eta batere ohikoak ez diren beste espezie batzuk ere
Sorbeltza, Aragoiko Pirinioetako migrazioan errege
Mugaldeko bi mendate horietan 2017an eginiko landa-lanari esker, 118.902 hegazti zenbatu dira: 96 espezietako 62.686 ale Somporten, eta 84 espezietako 56.216 ale, Portaleten. Nabarmen igo dira iazko kopuruak, eta hori, hein batean, iragan denboraldiko esperientziari zor zaio, horri esker behaketarako gunerik egokienak aukeratu baitira.
Bi mendate horietako daturik deigarrienen artean, sorbeltz arruntaren pasa azpimarratu beharra dago (42.970 ale), uztailaren erditik agorril akaberara. Migrazioak 2016an baino lehentxeago jo zuen goia. Miru beltz aunitzek ere gurutzatu zituzten Bortuak behaketa hasi eta lehen asteetan (24.152); gero, enara azpizuriak (Delichon urbicum) izan ziren, 22.999 alerekin.
Somporten eta Portaleten beherakada nabarmena izan da enara arrunten (Hirundo rustica) pasan: hots, 8.727. 2016an, ordea, 12.268. Halaber, beste espezie batzuek behera jo dute, hala nola belatz txikiak (Falco columbarius), txonta arruntak eta zikoina zuriek, besteak beste. Kontrara, 5.284 kurrilo zenbatu dira, iazkoan halako bi kasik, baina 2016an baino hiru aste geroago etorri ziren. Beste espezie batzuk ere ugariagoak izan dira aurreko urtean baino; zikoina beltza, ubarroi handia, mirotz zuria eta miru gorria, adibidez.
Mugaz gaindiko lankidetza proiektua
Hegaztiak zenbatzeko ekimena Lindus 2 mugaz gaindiko proiektuaren baitan sartua dago, Aurizko Udalak gidaturik. Proiektuak hainbat bazkide ditu, hala nola Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Aquitaine) erakundea eta Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez.
Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2-k bertzelako xedeak ditu, hala nola kiropteroak (saguzarrak) monitorizatzea, ingurumeneko hezkuntza sustatzea eta ekoturismoa bultzatzea 2016an, 2017an eta 2018an. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).
2017/10/31 | BERRIAK
Usoak eta txontak zeruetan nagusi. Ateri izan da urriaren lehen hamabostaldian, eta zeruak garbi-garbiak. Beraz, mendi-lepoetako behatzaileek argitasun izugarria izan dute zeru sabaia ikusteko eta hegazti migratzaileen ibilbideari jarraitzeko, Lindus 2 erraten zaion proiektuaren baitan. Zehazki, Organbidexkan, Lindus mendian, eta Somport eta Portaleten ari dira lan hori egiten. Irailean harrapariak izan ziren nagusi, lehen enarak ere iritsi ziren, eta urriaren lehen hamabostaldian, aldiz, txontak eta usoak izan dira ugari, baina oraindik miru kopuru nabarmena ere bai.
Lindus mendiko behaketa gunean, 47 espezietako 15.859 hegazti zenbatu dira, zeru garbia izan den 13 egunetan. Hegazti migratzailerik ugarienak pagausoa (Columba palumbus), txoloma (Columba oenas) eta identifikatu gabeko usoa (Columba sp) izan dira; guztira, 7.906 ale. Ondoren, espezierik ugariena miru gorria (Milvus milvus) izan da, 3.509 alerekin, eta ondotik, txonta arrunta (Fringilla coelebs), 1.277 hegaztirekin, eta ubarroi handia (Phalacrocorax carbo) 1.123 alerekin. Urriaren 7a ikusgarria izan zen Lindusen hegazti migratzaileak ikusteko, 1.248 miru gorri ikusi baitziren, bai eta 3.000tik gora uso ere.
Espezierik ugarienekin batera, Lindusen bertze espezie batzuk ikusi dira, kopuru txikiagoan baina interes handikoak, hala nola belatz txikia (Falco columbarius), gabiraia (Accipiter nisus), eta elano urdina (Elanus caeruleus). Era berean, lehen espezie negutarren etorrera hasi da: adibidez, mokolodia (Coccothraustes coccothraustes), tarina (Carduelis spinus), edota udako espezieen azken aleak, hala nola miru beltza (Milvus migrans) edo zapelatz liztorjalea (Pernis apivorus).
Organbidexkako behatzaileek, bestalde, 71 espezietako 47.817 hegazti ikusi dituzte, urriaren 2tik 15era. Espezie ugariena txonta arrunta izan da(24.518); gero, miru gorria (4.748) eta txoka arrunta (Carduelis cannabina)(4.598). Hamabostaldian barrena, egun ikusgarriak izan dira hegaztietan; urriaren 7an, esaterako, errekorra izan zen miru gorrietan (1.940); aurreko errekorra 1994an izan zen, egun bakarrean 1.502 ikusi baitziren. Albiste pozgarria ere izan zen urriaren 4an mila bat zikoina beltz (Ciconia nigra) pasatu izana. Izan ere, duela berrogei urte, dozenaka ale batzuk baizik ez ziren ikusten Organbidexka aldean. Mokolodiaren pasa ere bereziki ugaria izan da.
Organbidexkan, halaber, hain ohikoak ez diren bertze behaketa batzuk izan dira. Guztien artean, honakoak nabarmendu behar dira: basoilo handi bat (Otis tarda), mirotz lepazuriak (Circus macrourus), belatz handi bat (Falco peregrinus) eta bi zingira-hontz (Asio flammeus). Urriaren 13an, lehen kurrilo arruntak (Grus grus) ikusi ziren, urteko migrazioaren azken txanpa heldu den seinale.
Somport eta Portalet Aragoiko mendateen artean, lehendabiziko hartan izan da pasarik handiena (% 62) urriaren lehen hamabostaldian, oihan inguruneei lotutako hegazti txiki aunitz eta aunitz pasatu baitira, lepo hori pasabide aproposa baita haientzat (ez horren lepo altua, eta zuhaizti gehiago). Espeziez espezie, nabarmentzekoa izan da oraindik ere enara arrunta (Hirundo rustica), bai eta haitz enara ere (Ptyonoprogne rupestris). Halaber, fringilidoen pasa ugaritu da; txonta arruntarena, batez ere, baina bertzelakoena ere bai. Hona hemen: txoka arrunta, tarina, karnaba (Carduelis carduelis) eta, hein txikiagoan, txirriskila arrunta (Serinus serinus), txorru arrunta (Chloris chloris) eta mokolodia.
Urriaren 4an, lehen ubarroi handiak ikusi ziren Aragoiko lepoetan, eta urriaren lehen hamabostaldian, halaber, zikoina beltz batzuk agertu ziren bakardadean hegan. Harraparietan, berriz, ia ez da zapelatz liztorjalerik ikusi (Pernis apivorus), baina ugariagoa izan da zapelatz arrunta (Buteo buteo), miru gorria, belatz gorria (Falco tinnunculus), gabiraia eta belatz handia, bertzeak bertze.
Azken txanpan dago eztei ondoko hegazti migrazioa aztertzeko bigarren kanpaina, hau da, mendebaldeko bideetan egiten dena, behaketa denboraldia azaroaren 14an bukatuko baita. Kanpaina Lindus 2 mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren baitan dago, Aurizko Udalak gidaturik, eta hainbat bazkide dituena: Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection de Oiseaux (LPO-Aquitaine) eta Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bitartez.
Hegazti migratzaileak aztertzeaz gain, Lindus 2-k bertzelako xedeak ditu, hala nola kiropteroak (saguzarrak) monitorizatzea, ingurumeneko hezkuntza sustatzea eta ekoturismoa bultzatzea. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).
2017/10/13 | BERRIAK
Espezie horretako 17.500dik gora ale monitorizatu zuten irailean, Lindus 2 proiektu europarraren bitartez, Organbidexka, Lindus, Portalet eta Somport behatokietatik
Irailaren 1etik 30era 47.028 izan ziren zenbaturiko hegaztiak. Espezierik ugariena enara arrunta (Hirundo rústica) izan zen, 17.663 ale zenbatu baitzen, eta enara azpizuria (Delichon urbicum), 8.358 ale, eta miru gorria (Milvus milvus), 4.211 ale, izan ziren hurrengoak.
Iraileko lehen egunetan eguraldia lagun izan ez arren, Organbidexka lepoan, Lindus mendian eta Somport eta Portalet mendateetan jarririko behatzaileek ongi ordaindurik ikusi zituzten irailaren bigarren hamabostaldiko beren ahalegina eta irmotasuna, zeren irailaren 20tik 29ra bitartean kopururik handienak erregistratu baitziren.
Organbidexkan (Akitania Berria) 24.740 izan ziren irailean monitorizaturiko hegaztiak. Gehien ikusi zen espeziea enara arrunta izan zen, 9.779 ale, eta hurrengoak miru gorria (2.487) eta txoloma (654) izan ziren. Espezie jarioa hil osoan zehar etengabea izan bazen ere, migrazio paserik handieneko egunak irailaren bigarren hamabostaldian gertatu ziren. Zehazki, irailaren 23an 6.375 hegazti eta irailaren 19an 2.275 begiztatu zituzten.
Aragoiko Portalet eta Somport mendateetan, migratzen ari ziren 30etik gora espezieetako 14.849 hegazti behatu zuten. Espezierik ugarienak enara azpizuria (6.492 ale), enara arrunta (6.457 ale) eta miru gorria (453) izan ziren. Bestalde, handiak izan ziren beste kopuru batzuk: liztorjale europarrarena (394 ale, hilaren lehen hamabostaldian batez ere ikusita), 99 amiamoko beltz, 57 miru beltz, 78 gabirai arrunt, 22 zapelatz arrunt, 15 arrano txiki, 27 sugezale europar eta 25 belatz gorri. Neurri txikiago batean behatu eta monitorizatu dira beste espezie batzuk: haitz-enara, uhalde-enara, belatz europarra, mendebaldeko zingira-mirotza, larre-buztanikara, buztangorri argia, buztanzuri arrunta eta garraztarroa, besteak beste. Horrez gain, kurriloaren (irailaren 20an) eta ubarroi handiaren (irailaren 28an) lehen saldoak behatu ziren.
Garai berean, Lindus mendian (Nafarroa – Akitania Berria), 54 espezietako 7.439 hegazti izan ziren monitorizaturikoak, 27 egun baliodunetan, ikuspen onekoetan alegia. Espezierik ugariena enara arrunta izan zen, 1.427 hegaztirekin, eta haren atzean miru gorria 1.271rekin, uhalde-enara 748rekin eta ubarroi handia 730 hegaztirekin nabarmendu ziren. Gainera, interes handiko beste espezie batzuk behatu ahal izan ziren, kopuru txikiagotan, hala nola amiamoko zuria eta amiamoko beltza, 167 eta 282 ale, belatz hankagorria, mirotz lepazuria eta arrano pomeraniarra. Espezie egoiliar berezi batzuk ere zenbatu ziren, ugatza eta okil gibelnabarra esaterako. Irailaren 20a migrazio paserik handienekoa izan zen: 1.234 enara arrunt. 28an eta 23an 248 eta 249 miru gorri zenbatu zuten, hurrenez hurren.
Lindus 2ren barneko begiztaldirako azken zatia
Hegaztiek, ezteien ondoren, mendebaldeko bidean zehar egiten duten migrazioaren azterketaren bigarren kanpainak bere azken txanpari ekin dio, begiztaldia datorren azaroaren 14an bukatuko da eta. Kanpaina hori mugaz gaindiko lankidetzako Lindus 2 proiektuan kokaturik dago; proiektuak Aurizko Udala du buru eta Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Txoriak Babesteko Liga (LPO-Aquitaine) eta, GAN-NIK empresa publikoaren bidez, Nafarroako Gobernua ditu lankide.
Hegazti migratzaileen ikerketarekin batera, Lindus 2k kiropteroen (saguzarrak) monitorizazioa, ingurumen hezkuntza eta ekoturismoaren bultzada ditu xede. Proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) %65ean finantzatzen du Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez.
2017/09/29 | BERRIAK
Berrogeita hamar lagun bildu ziren atzo ornitologia eta ekoturismo jardunaldian, Lindus 2k bultzaturik, hau da, hegazti migratzaileak behatu, ingurumen hezkuntza bultzatu eta ekoturismoa Pirinioetako mugan sustatzeko lankidetza proiektuak bultzaturik. Egitasmoan kide dira LPO Aquitaine, Seo BirdLife Aragón, Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez, eta Aurizko Udala. Pirinioetako Lan Elkarteak jardunaldi hori aukeratu zuen Europako Lankidetza Eguna ospatzeko
Aurten, Pirinioetako Lan Elkarteak Lindus 2 proiektua aukeratu du Europako Lankidetza Eguna ospatzeko. Erakunde horretako kide dira Frantziako Akitania Berria eta Okzitania eskualdeak, Espainiako Katalunia, Aragoi, Nafarroa eta EAE autonomia erkidegoak, eta Andorrako Estatua. Jean-Louis Valls Pirinioetako Lan Elkarteko burua Auritzen izan zen atzo. Gogora ekarri zuen 27 urte joan direla Espainiak, Frantziak eta Andorrak mugaz gaindiko lankidetzari heldu zionetik, eta helburua muga fisikoak desagertzea izan behar dela erran zuen. Halaber, Lindus proiektuaren jarraipena nabarmendu zuen, “ez bakarrik, hegaztiak behatzea arras tresna garrantzitsua delakoz klima-aldaketa aztertzeko, baizik eta gizartean ingurumen-hezkuntza sustatu behar delakoz”.
Aurizko alkate Luis de Potestadek, bere aldetik, horrelako jardunaldien garrantzia azpimarratu zuen, “zeren, aukera ematen baitu bisitariei eta hemengo jendeari erakusteko Lindusen egiten den hegazti behaketa, bai eta Pirinioetako zoko honetako natur ondarea ere”.
Ibilaldia eta behaketa
“Hegaztiak, klima-aldaketaren adierazle” lelopean, hasteko eta bat, ibilbide gidatua egin zen Ibañetako gainetik Lindus eta Trona mendietaraino, eta berrogeita hamar bat lagun elkartu ziren. Hegaztiak behatzeko lekura iritsi baino lehen, jendea Lindusen paraturiko postuan gelditu zen, Europako lankidetza zertan den jakiteko eta Lindus 2ri buruzko argibidea jasotzeko; hots, mugaz gaindiko lankidetza proiektu bat da hegazti migratzaileak behatzeko, ingurumen hezkuntza sustatzeko eta ekoturismoa bultzatzeko. Gainera, hamaiketakoa eman zitzaien, bai eta proiektuari loturiko materiala ere.
Ondoren, Trona mendira igo, eta Gabi Berasategui ornitologoak labur azaldu zien zer lan egiten den hegaztiak zenbatzeko eta zer espeziek gurutzatzen dituzten Lindus eta Trona mendiak.
Hegaztiak behatzeaz gain, beste bi jarduerak piztu zuten jendearen interesa; batetik, hegaztiei eraztunak era zientifikoan paratzeak, eta bertzetik, odonato behaketak (burruntziak eta txitxi-burrunyziak), biak ere Jauregiaroztegiko hezegunean eginak.
Ornitologia eta ekoturismo jardunaldiaren osagarri, hainbat gauza egin ziren, hala nola azienda azoka bat, bigarren eskuko merkatu bat, eta artisautza eta elikagai azoka bat. Hortaz landara, Europako Mugikortasun Asteari begi-keinu bat egiteko, bizikleta elektrikoak jarri ziren doan bisitari eta auriztarren eskura herri inguruan ibiltzeko.
Europako Lankidetza Eguna
Europako Lankidetza Eguna 2012az geroztik ospatzen da, mugaz gaindiko lankidetza programek Europako 30etik gora herrialdetan garaturiko jarduera erakusteko. Horrela, “Sharing borders, growing closer” lelopean (mugak partekaturik, elkarrekin hazita), datozen egunotan hamaika ekitaldi eginen dira Europa guztian, hala nola kontzertuak, atari zabaleko kirol jarduerak, argazki lehiaketak, eko-gastro jaialdi bat edota odol emate bat.
Aurizko jardunaldia aukeratu dute ekitaldi horien artean. Beraz, horrek erran nahi du aintzat hartu dela Lindus 2ren bitartez egiten den lanaren balioa, hots, eztei ondoko hegazti migrazioa aztertzeaz gain, kiroptero edo saguzarren monitorizazioa egiten da, ingurumen hezkuntza eta ekoturismoa bultzatzearekin batera. Aurizko Udala da mugaz gaindiko proiektu honen gidaria, eta hainbat bazkide ditu, hala nola Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO/BirdLife), Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO-Aquitaine) erakundea eta Nafarroako Gobernua, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez. Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).

